Klima aldaketak urarekin duen lotura aztertuko dute Morkaikoren natura eta zientzia jardunaldiko lehen saioan

Barren.eus 2020ko otsailaren 5a

EHUko Geodinamika Saileko kide diren Iñaki Antiguedadek eta Ane Zabaletak emango duten hitzaldiarekin hasiko dira, gaur, Morkaikoren natura eta zientzia jardunaldiak.

 Antiguedadek eta Zabaletak Klima-aldaketa, uraren ikuspegitik izenburuko hitzaldia emango dute, Kultur Etxeko hitzaldi-gelan (19:30). Natura eta zientzia jardunaldien bigarren edizioko aurreneko saioa izango da.

Hizlariek aurreratu dutenez, asko berba egiten da klimaren-aldaketaz hedabideetan, baina gehienetan tenperaturaren igoerarekin (beroketa globala) lotzen da aldaketa, gerora begira prezipitazioetan izan daitezkeen gorabeherak bazterbatean lagata. Horrexegatik da garrantzitsua klima-aldaketa urarekin ere lotzea, ura ezinbesteko gaia delako, bizimoduaren baldintzatzailea. “Noiz-behinka hidrologoei egiten zaigun galdera hauxe da: zer-nolako emariak izango dira gure erreketan, edo iturrietan, mende honen erdian, kasurako? Zelako joerak aurreikusten dira ur kontuetan? Normalean galdetzen ez zai-guna zera da: Zer gertatu da gure erreketan azkeneko hamarkadetan? Izan ere, gertatu dena hortxe dago, jasotako emari-datuetan, gertatzeko dagoena, ordea, zalantzazkoa da, oso, beraz, egon badago aldea!”.
Hitzaldian saiatuko dira bi galderak erantzuten: nondik gatozen, segurua dena,eta nora goazen, dudazkoa. Eta agerian utziko dute gerora begira ursistemetan izan daitezkeen aldaketak ez direla klimaren aldaketatik bakarrik etorriko, baizik eta baita lurraldearen antolamendutik ere.

∞Lotura duten albisteak: