Informazio gabezia salatzeaz batera, Elgoibarko airearen kalitatea neurtzeko eskatu dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari, zer arnasten ari garen jakin dezagun. "Neurtzen diren substantzien artean dioxinak eta furanoak egon behar dira, biak ala biak oso toxikoak. Jaurlaritzak orain arte emandako datuak ez dira zehatzak eta ez dira osoak, Ermuan eta Eibarren agertu diren substantzia toxiko horiek ondo-ondoan dauden Elgoibar bezalako herrietan zenbateko eragina duten ez dutelako argitu", adierazi dute.
Gainera, EH Bilduk uste du Elgoibarko Udalari dagokiola datu zehatzak eskatzea, jokoan dagoena elgoibartarren osasuna dela-eta. Horregatik, Udalari eskatzen dio eskaera egin diezaiola Eusko Jaurlaritzari, Elgoibarren airearen kalitatea neurtzeko.
EH Bilduk nabarmendu du Zaldibarko zabortegian izandako "katastrofeak" eta ondoren piztutako suak kezka eragin dutela elgoibartarren artean. Herritarren kezka hori oso ulergarria dela uste dute, "batez ere kontuan hartzen badugu Eusko Jaurlaritzatik heldu den informazioa eskasa eta osatu gabekoa dela. Joan den ostiralean jakin genuen Osasun Saileko aruradunen ahotan dioxinen eta furanoen maila herri-guneetan izan ohi dena baino 40 edo 50 aldiz handiagoa dela. Datu horietan oinarrituta, prebentzio neurriak hartzea eskatu zaie Zaldibar, Ermua eta Eibarko herritarrei eta, besteak beste, eskola kirola bertan behera utzi zuten udalerri horietan. Baina horrek guztiak Elgoibarren daukan eragina zein den jakin gabe jarraitzen dugu".
• Uraren kalitatearekin "oso kezkatuta"
Aurreko astean Ego-gain errekako eta Deba ibaiko uraren kalitatea neurtzeko eskatu zion EH Bilduk Ura Agentziari. Ezagutzera ematen ari diren emaitzekin oso kezkatuta daudela aditzera eman dute orain. "Atzo jakin genuen Ego eta Aixola erreketan hidrokarbuoak, nikela eta kadmioa agertu direla. Substantzia horiek Deba ibaira joango dira, eta hortik Elgoibarrera helduko dira". Horregatik, Elgoibar parean Deba ibaiko uraren kalitatea neurtzeko eskatu die berriro ere EH Bilduk Udalari eta Jaurlaritzari.
• Neurketen jarraipena egiteko
Elgoibarko Udalak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, Zaldibarko zabortegiaren inguruko airearen kalitateari buruzko neurketak egitea Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari dagozkio. Hori dela informazio iturri ofiziala ohartarazi du Udalak, eta, "momentuz, Elgoibarren ez dago osasunerako inolako arriskurik", adierazi dute. Egunero egiten dihaduten neurketei buruzko informazioa kontsultatzeko esteka baten berri ere eman du Udalak: www.ihobe.eus
∞Lotura duten albisteak: