EH Bilduk azaldu du Jaurlaritzako Ingurumen Sailak airearen kalitatea neurtu duen arren, uraren kalitateak ere kezka eragiten duela, eta hori ere zaindu beharrekoa dela. Herritarrei uneoro informazio zuzen eta zehatza emateko eskatu diete erakundeei. "Azken orduetan, aregaotu egin da uraren kalitatearen inguruko kezka. Eitzaga auzoko bizilagunei txorroteko ura ez edateko eskatu diete. Eibarren, Ego-gain errekan orbanak ere azaldu dira. Edozein dela ere orban horien jatorria, herritarrek informazio zehatza izan behar dutela uste du EH Bilduk", adierazi dute Eibar, Elgoibar, Mendaro eta Debako EH Bilduk sinatutako oharrean.
Horrenbestez, Ego-gain errekako eta Deba ibaiko uraren kalitatean neurketak egiteko eta neurketa horien emaitzak uneoro herritarrei jakinarazteko eskatu diote arlo horretaz arduratzen den URA Agentziari.
• Uraren eta airearen neurketak
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak otsailaren11n Eibarko Udalari bidali zion ohar batean honakoa adierazten zuen: "Zaldibarko zabortegiko luizitik hurbilen dauden herrietako kontsumoko uraren eta airearen laginetan egindako analisiek egiaztatu dute ez dagoela gertaerarekin lotutako osasun-arriskurik. Edonola ere, Osasun Publikoaren Zuzendaritza jarraipen zorrotza egiten ari da lekuan bertan, eta etengabe hartzen ditu laginak ura hornitzeko sareetan eta etengabe zaintzen du airearen kalitatea Ingurumen Sailburuordetzarekin elkarlanean". Osasun Sailaren oharrean eginiko ikerketen emaitzak jaso arren, Eibarko Udalak herriko airearen kalitatea kontrolatzeko lau neurgailu ipintzea erabaki du (ikus etakitto.eus-en). Zaldibarko Udalak ere ipini ditu neurgailuak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak eta Uraren Euskal Agentziak emandako eguneroko informazioa panel informatiboan jartze dute.
Bestetik, txorroteko urik ez erabiltzea eskatu zien Zaldibarko Udalak Eitzagako auzotarrei, joan den martitzenean. Osasun saileko teknikariek “zenbait ur hartze pribatutan” detektatu zituzten "datu batzutan" oinarrituta hartu zuen erabakia Zaldibargo Udalak. Alabaina, parametroak “neurri egokietan” daudela gaineratu zuten osasun saileko teknikariek. (informazio osoagoa anboto-eus atarian)