Langabeen kopuruak gora egin du Elgoibarren eta Mendaron ere, baina EAEko langabezia-tasak izaniko igoeraren azpitik nabarmen

Barren.eus 2020ko api. 4a, 17:55

Euskadi osoan egin du gora langabeziak martxoan: % 10,91 Araban, % 9,90 Gipuzkoan eta % 8,66 Bizkaian. Elgoibarren otsailean baino 25 langabe gehiago daude eta lau gehiago Mendaron.

 Koronabirusaren pandemiak eragindako krisi ekonomikoa arrastoa lagatzen ari da lan merkatuan. Langabeziak nabarmen egin du gora martxoan. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 10.974 pertsona gehiagok eman dute izena martxoan Euskadiko enplegu-zerbitzu publikoen bulegoetan, otsailean baino 10.974 pertsona gehiagok. Hortaz, 128.213 langaberekin amaitu da hilabetea.

Otsaileko datuekin alderatuta, % 9,36 egin du gora langabeziak, eta, iazko martxoarekin alderatuta, 10.261 langabe gehiago (% 8,70 gehiago) daude gaur egun Euskadin: % 10,91 Araban, % 9,90 Gipuzkoan eta % 8,66 Bizkaian.
Debabarrena eskualdean igo egin da langabezia-tasa, baina ez horrenbestre momentuz. 2.853 langabe zeuden otsailean eta 218 lagun gehiagok eman dute izena langabezia-zerrendan martxoan. Langabezia tasa 0,83 bakarrik igo da eskualdean otsail bukaeratik martxo bukaerara. Elgoibarren 25 lagun gehiago daude langabezian (urtarrilean 500 zeuden, otsailean 525 eta martxoan 550). Horrela, langabezia tasa %0,44 igo da azken hilabetean, %9,49tik %9,95era.
Mendaron lau lagun gehiago daude lanik gabe izena emandakoen artean (otsailean 78 zeuden eta martxoan 82). Mendaroko langabezia-tasa %0,40 igo da, %7,89tik %8,29ra.

Aurreikuspen beltzak iragarri ditu Jaurlaritzak datozen hilabeteetarako, eta langabezia tasa % 11,4ra igoko dela adierazi dute, eta konfinamendu garaian %14ko topea joko duela uste dute. Hori bai, orain galdutako ia guztia 2021ean berreskuratuko omen da, % 9,6ko tasara jaitsiz. Sektore guztietan igarriko dute koronabirusak eragindako krisi ekonomikoaren danbatekoa. Zerbitzuen sektorean 7.947 langabe gehiago daude. Industrian (1.399), eraikuntzan (880), aurreko lanik gabeko kolektiboan (597) eta nekazaritzan (151). Adierazgarria da, egoitza-zerbitzuetako asistentzia dela langabeziaren beherakada izan duen jarduera bakarra: 261 lagun gutxiago daude lanik gabe sektore horretan, egoitza askok kanpoko langileak kontratatu behar izan baitituzte koronabirusaren eraginez.

OTSAILA Langabeak Langabezia-tasa
Eibar 1.591 %12,49
Deba 182 %6,83
Elgoibar 525 %9,49
Mendaro 78 %7,89
Mutriku 236 %8,87
Soraluze 241 %2,86
Debabarrena 2.853 %10,78

 

MARTXOA Langabeak Langabezia-tasa
Eibar 1.742 %13,67
Deba 201 %7,54
Elgoibar 550 %9,95
Mendaro 82 %8,29
Mutriku 237 %8,91
Soraluze 259 %13,82
Debabarrena 3.071 %11,61

∞Lotura duten albisteak: