Hezkuntza Sailak gaur eguerdian aurkeztu du, prentsaurrean, 2019-2020 ikasturteari amaiera emateko prestatu duen Hezkuntza Plana -PDF-, eta, era berean eskolei bidali dizkie ikasturte amaierarako jarraibideak. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietara dagoeneko bidali den dokumentuak honako hauek jasotzen ditu: irakasle-taldeak koordinatzeko orientabideak eta jarraibideak, metodologiak, curriculum-egokitzapenak, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei eman beharreko erantzuna edo ebaluazio irizpideak, besteak beste.
• Ebaluazioa
Hirugarren hiruhilekoan ebaluazioa egiteko ikasleen lanak oinarri hartzea proposatu dute Hezkuntza Saileko arduradunek, nahiz eta eskolek aukera daukaten ebaluazio espezifikoak egiteko. Amaierako kalifikazioan, hala ere, pisu txikiagoa izango du konfinamendu garaiak. Ebaluazioa nola egin, aukera bat baino gehiago ageri dira txostenean: ikasleen lanak, bideokonferentzia bidezko aurkezpenak, tutoretza indibidualizatuak... Nolanahi ere, eskolek aukera izango dute "hirugarren ebaluazio espezifiko bat" egiteko: hirugarren hiruhilekoko gaitasunak aztertzeko izan daiteke, edo amaierako ebaluazio labur bat egiteko. Kasu horretan, pisu handiagoa izango dute aurreko bi hiruhilekoek, eta, itxialdi aurreko notak izango dira oinarri azken kalifikazioan.
• Ikasturtea errepikatzea
Errepikapenak erabat mugatzea proposatu zuen Espainiako Gobernuak eta inork ""ikasturtea ez galtzea" koronabirusaren ondorioz. Gisa bereko formula batera jo du Eusko Jaurlaritzak. Hala, irakasle-taldeak uste badu gutxieneko helburuak lortu ez dituen ikasle batentzat hezkuntza-neurririk egokiena ikasturtea errepikatzea dela, banakako txosten bat egin beharko da, neurri hori hartzeko arrazoiak adierazita.
Txosten hori Hezkuntza Ikuskaritzaren eskura egongo da, eta, ikasle batentzat planteatutako ikastaroaren errepikapenaren inguruan zalantzak sortzen diren kasuetan, egiaztatuko du errepikapenaren arrazoiak ez daudela lotuta ikaslearen konfinamendu-egoeran agertutako desberdintasun-egoerekin.
Hezkuntza Sailak onartu du egungo egoerak indartze-neurriak hartzea eskatzen duela, laguntza espezifikoak emanez eta arlo edo ikasgai instrumentalak lehenetsiz, bai ikasturte honen amaieran, bai hurrengoaren hasieran. Horrela, arreta berezia emango zaie 'online' prestakuntza-aukerarik izan ez duten ikasleei, desabantailan egon ez daitezen.
Era berean, komenigarritzat jotzen du, oro har, udako oporretan indartze- edo errekuperatze-lanak agintzea. Hezkuntza Sailak azpimarratu duenez, iraila "errefortzu argia izango da".
• Eskola presentzialak Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat
Hezkuntza Sailak jakinarazi du, datozen asteetan ezingo dela ikasgeletako erabateko normaltasuna berreskuratu. Hala ere, "kritikotzat" jotzen diren hezkuntza mailetarako balizko itzulera bat prestatu dutela adierazi du Uriartek: "DBHko, Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleak aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak. Lanbide Heziketari dagokionez, lehen mailetako ikasleak (izan Goi Mailako Lanbide Heziketan, Erdi Mailakoan nahiz Oinarrizkoan) itzuliko dira ikasgeletara eta 2. mailako ikasleak enpresetara itzuliko dira praktikak egitera". Sailburuak gaineratu du, aurrez aurreko irakaskuntzara itzultzea, Osasun Sailak emandako osasun-neurriei jarraituz egingo dela.
• Irailaren 7a
Azkenik, Hezkuntza sailburuak adierazi du, datorren ikasturtea ekiteko data irailaren 7a izatea aurreikusten dutela, nahiz eta oraindik ez duten hurrengo ikasturteari buruzko neurririk zehaztu.
Hezkuntza Sailaren jarraibideak zein ikasturte honen amaierarako funtsezko curriculum-edukiak jasotzen dituzten eranskinak eskuragarri egongo dira Hezkuntza Sailaren webgunean eta Irekia atarian.