Ikasle gehienek ikasturtea gainditzeko irizpidea ezarri du Espainiako Hezkuntza Ministerioak

Barren.eus 2020ko api. 16a, 16:20

 

Hala adostu zuten Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak eta erkidegoetako hezkuntza ordezkariek atzo. Ministroak esan zuen hirugarren ebaluazioan "oinarrizko konpetentziak" landuko dituztela eta aurten eman ez dituzten gaiak datorren ikasturtean landuko dituztela eskoletan. Ikasturtea, berriz, ekainean amaituko dela ere esan zuen, eta udarako errefortzuko ekintzak antolatuko dituztela. Nolanahi ere, argi laga zuen ikasturtea ez dela amaitu, eta hirugarren hiruhilekoan telematikoki ematen den materialarekin nota igotzeko aukera izango dutela ikasleek. Horren harira esan zuen eskolek laguntzak jasoko dituztela ikasturtea digitalki amaitu ahal dezaten.


Lanbide Heziketako eta Unibertsitatera sartzear diren ikasleentzako argibideak ere eman zituzten atzo. Carla Sanz Lanbide Heziketako idazkari nagusiak azaldu zuen, adibidez, Lanbide Heziketako ikasleek praktiketan malgutasuna izango dutela. Praktika-orduak murriztu egingo zaizkie, esaterako, 400 ordutik 220ra. Era berean, unibertsitatera sartzeko proban ere "aukera gehiago" emango dituztela esan zuen Zelaak.Unibertsitateek, bestalde, ikasturtea aurreikusitako eran amaituko dute eta ebaluazioak egin egingo dituzte, telematikoki bada ere. Hala erabaki zuten Politika Unibertsitarioko Konferentzia Orokorrean Manuel Castells Espainiako Unibertsitateetako ministroak eta erkidegoetako ordezkariekn. Madrilgo ministroak irizpide orokorrak ezartzen dituen gidalerro batzuek biltzen dituen dokumentua ezagutarazi die erkidegoetako ordezkariei, eta ordezkariek, nork bere konpetentziak aintzat hartuaz ebatziko du nola amaitu ikasturtea.

Konferentzia sektorialaren atzoko bilera bukatu berritan, ontzat eman zuen Espainiako Hezkuntza Ministerioak emandako dokumentua Kristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eta honako hau adierazi zuen: "Ministerioak irizpideak eta jarraibideak dituen dokumentu bat helarazi digu autonomia erkidegoei, eta positiboa da, baina Euskadin gure eskumenak ditugu, gure hezkuntza komunitateari zor gatzaizkio eta hori da gure lan esparrua. Denbora daramagu lanean eta ikasturte amaierara arte curriculumetako funtsezko edukiak zein izango liratekeen zehazten. Ebaluazioak ere lantzen ari gara, eta ebaluazio hori egiteko irizpideak eta tresnak zeintzuk izango diren ere bai", adierazi du.