Javi Muñoz elgoibartarrak fisioterapia eta kirol berregokitze zerbitzuak ematen ditu, besteak beste, Fisio & Mas zentroan. Kirol zerbitzua ematen jarraitu dute konfinamenduaren hasieratik. Bezeroekin on-line bidez mantendu dute komunikazioa, zoom moduko aplikazioak erabiliz. Fisioterapia zerbitzuari, berriz, orain dela hiru aste berrekin zioten. Koronbirusari aurre egiten lehen lerroan aritu diren beharginei, erizain eta medikuei, larrialdiko fisioterapia zerbitzua eman zieten. "Lan karga handarekin aritu dira, tentsio handiarekin, eta igartzen zen".
Era berean, kirol arloko larrialdiak ere artatu behar izan dituzte bi astetik hona. "Etxean kirola egiten aritu direnen giharretako hausturak, lunbalgiak eta antzerako patologiak ailegatu zaizkigu, eta ziur gehiago iritsiko zaizkigula datozen egunetan. Batez ere kirola egitera ohituta ez dagoen jendea da. Egiten den kirolaren ezagutza eta entrenamenduen kontrola izan ezean errazagoa da min hartzea. Horregatik da gomendagarria entrenamenduak kontrolatzeko norbait edukitzea, egiten den lan kargaren gaineko kontrola izateko".
Aste honetan, 0. fasean sartzerakoan, hasi dira ohiko txandak ematen, baina, "suabe suabe". Izan ere, lehen baino denbora gehiago behar dute paziente batetik bestera dena prest edukitzeko. "Paziente batekin egon eta gero, dena garbitu eta desinfektatzeko sei edo zortzi minutu behar ditudala kalkulatu dut". Lan egiteko modua asko aldatu zaie eta moldatzen dihardutela dio Muñozek. "Lehengora ohituta geunden eta dinamikoagoa zen lan egiteko genuen modua, orain denbora gehiago behar dugu segurtasun neurriak bermatzeko eta babes neurriekin lan egitea ez da batere erosoa: maskara, babes pantaila eta arropa gehiago daramagulako soinean".
∞Lotura duten albisteak:
-
Fase berrirantz, egokitzen (2020-05-08)
- Ostalariek kezta handiz bizi dute egoera (2020-05-08)
- Arinaldiaren 0. fasean martxan dira Elgoibarren hainbat zerbitzu eta denda (2020-05-04)