Elgoibarko Udalak herritarrentzako bonoen lehen kanpaina jarriko du abian datorren asteazkenetik aurrera, maiatzak 27. Horretarako, 60.000 euroko bideratuko ditu. Udal agintariek azaldu dutenez, tokiko sektorea suspertzen laguntzea da bono kanpaina honen helburua, orain bi aste aurkeztu zuten suspertze sozioekonomiko eta kulturalerako udal-planean jasota dagoen moduan.
Era honetako bono kanpaina bat baino egingo ditu Udalak, eta aurrenekoan 4.000 bono ipiniko dituzte salgai. “Ateak itxi behar izan dituzten tokiko establezimenduak bultzatu nahi ditugu. Ekimen honi esker, Elgoibarko denda eta zerbitzu-sektorea sustatzeaz gain, herritarrek ere onura jasoko dute, herriko zerbitzu eta dendetan kontsumitzeko erosiko dituzten bonoen balioa bikoiztu egingo dugulako Udaletik jartzen dugun diruari esker”, esan du Ane Beitia alkateak kanpaina aurkezteko agerraldian..
• Non eta nola erosi bonoak
Bono bakoitzak 15 euroko prezioa izango du eta Udalak beste 15 euro gehituko ditu; beraz, azken balioa 30 eurokoa izango da. Pertsona bakoitzak gehienez ere 2 bonu eskuratu ahal izango ditu eta gutxienez 14 urte beteak izan beharko ditu. Halaber, lehen bonu horiek iraungitze-data izango dute, ekainaren 14ra arte trukatu ahal izango baitira. Orain arte, 64 establezimendu batu dira ekimenera. Bonuak kanpainari atxikitako edozein saltoki edo zerbitzutan kontsumitu ahal izango dira.
- Bonoak Kalebarren plazan dagoen lokal batean jarriko dituzte salgai. Ordutegia: astelehenetik barikura, 9:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
• Urtean eta erdian ia 600.000 euroko eragina zerbitzu eta dendetan
Udalak herritarrak udalerrian erostera animatu nahi ditu. Horregatik, aurten 175.000 euro bideratuko ditu bonoen kanpainak abian jartzeko, nahiz eta aurreikusten dutenaren arabera, proiektuaren benetako eragin ekonomikoa 350.0000 eurokoa izango da 2020an, eta 240.000 eurokoa datorren urtean.
• Ostalaritzarako bonoak, aurrerago
Saltokietarako eta zerbitzuen sektorerako bonoez gain, Udalak ostalaritzarako bonoak ere sortuko ditu. 25.000 euroko aurrekontu-partida erreserbatu du ostalaritzako establezimendu guztiak ireki eta guztientzako berme eta aukera berdinak eskaintzen direnean, egun osoan fluxu ekonomikoa sortuko duten bonuak banatzeko.
Era berean, Udalak garrantzitsutzat jotzen du Elgoibarko kaleak berpiztea, eta horregatik, aurten 80.000 euroko partida aurreikusten du (40.000 saltoki eta zerbitzuetarako eta 40.000 ostalarientzat) kaleak dinamizatzeko. Horrez gain, 80.000 euroko beste partida bat erreserbatuko du 2021erako, eta gainera, beste 30.000 euro jarriko ditu dendetako sarrerak eta erakusleihoak apaintzeko.
Gobernu taldeak adierazi du, datozen asteetan, Elgoibar suspertzeko udal planean jasotako laguntza ekimen berriak jarriko direla abian, tokiko ekonomia babesten jarraitzeko helburuarekin.