Euzko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) Gipuzkoako zerrendan bi elgoibartar eta mendaroar bat ageri dira. Bosgarren postuan dago Irune Berasaluze Lazkano mendaroarra. Orain lau urteko hauteskundeetan ere postu berean aurkeztu zuten Berasaluze eta legebiltzarkide izan da. Beste horrenbeste esan daiteke Maialen Gurrutxaga Urangaz (Elgoibar, 1992). Eusko Legebiltzarrean kiderik gazteena izan da elgoibartarra amaitzear den legegintzaldian. Oraingoan zortzigarren postuan aurkezten du EAJk. Ane Beitia Arriola Elgoibarko alkatea hamabosgarrena da zerrendan.
Elkarrekin-Podemos-IU koalizioak aurkeztu duen Gipuzkoako zerrendan ere bada elgoibartar bat. Elgoibarko Udalean zinegotzia den Evaristo Rodriguez Rábano, hain zuzen ere. Rodriguez hamaseigarrena da.
- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian daude argitaratuta zerrenda guztiak.
• Parekidetasunerantz
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 1980az geroztik erregistratutako datuen arabera, gizonezko eta emakumezko hautagaien kopuruak parekidetasuneranzko joera hartu du; bereziki azken urteetan. 2005. urteaz geroztik emakumezko hautagaiak gizonezkoak baino gehiago dira. Zehazki, egun, hautagaien %50,1 dira emakumezkoak; eta %49,9 gizonezkoak.