Donostiako EAJren egoitzan harrapatu du BARRENek Irune Berasaluze eta EAJk gaur lortutako emaitzen inguruan balorazio “ezin hobea” egin du. “Kontuan hartuta, alderdi berri bat aurkeztu dela eta horrek emaitzetan dantza ekar zezakeela, gu oso-oso pozik gaude, indar berri hori sartu izanak ez duelako eragin negatiborik izan gure emaitzetan. Kontrara: 2012koetan baino emaitza hobeak eskuratu ditugu”, azaldu du.
EAJk hiru herrialdeetan irabazi ditu hauteskundeak, baina Gipuzkoako emaitzei erreparatu die gehienbat Berasaluzek, eta bi datu nabarmendu ditu: Donostiako emaitza “onak” eta Irungoak -PSE-EEren lekua historikoki-. Irunen, 3.000 boto baino gehiagoko aldea atera diete jeltzaleek sozialistei. Hauteskundeotan bigarren indarra izan den EH Bilduren emaitzen inguruan esan du “emaitza txukunak” lortu dituztela, Podemosen sarrerari eutsi diotelako bereziki.
Legebiltzarkide izatea “erronka berritzat” hartu du Berasaluzek. “Hautagai izendatu nindutenean bazen erronka eta orain erronka hori gauzatu egin da, eta oso pozik nago”, zehaztu du. Hauteskundeetan lehen hiru indarrak Euskal Herria naziotzat daukaten eta erabakitzeko eskubidea aitortzen duten taldeak izanda, legealdi berriari zer traza hartzen dion galdetu diogu eta hona eman duen erantzuna: “Ezin da ukatu legealdi oso interesgarria izango dela. Kanpainan zehar akordioen aldeko posizioa nagusitu da, eta garbi dago aukera garbi bat zabaltzen dela legealdi honetan erabakitzeko eskubidearen gaian aurrerapausoak emateko”.