2018ko azaroan, Elgoibarko Udalak, Elgoibar Lagunkoia talde eragilearekin batera (proiektuaren buru diren hainbat elkartetako ordezkariek osatua), partaidetza prozesu bat jarri zuen martxan elgoibartarren iritziak eta iradokizunak jasotzeko, denen artean Elgoibar “atseginagoa” eraikitzeko. Guztira 647 inkesta jaso ditu Udalak, eta herritar horiek egindako ekarpenekin osatu dute diagnosia. Gaur aurkeztu dute txostena jendaurrean, eta dagoeneko ikusgai dago Udalaren webgunean. Hemen ere irakur dezakezue Elgoibar Lagunkoia. Diagnosi txostena -PDF-
Ane Beitia Elgoibarko alkateak, Blanca Larrañaga Gizarte Ongizate saileko zinegotziak, Elgoibar Lagunkoia talde eragileko kideak diren Andoni Segundo (Duintasuna taldea), Jose Ramon Ezenarro (Nagusilan), Maria Isabel Aizpurua eta Pedro Andonegi (Jubilatuen Biltokiko kideak) eta Gotzone Aierdi Urruzuno auzoko auzo-alkateak hartu dute parte aurkezpenean.
• Balorazio "positiboa"
Bai Udalak, bai talde eragileak, lehenengo fase honen balorazio positiboa egin dute. Parte-hartzea nabarmena izan dela azpimarratu du Ane Beitia Elgoibarko alkateak, eta, beraz, oinarri sendo eta aberasgarri batetik abiatzen direla, "etorkizunean gure adinekoen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten ekintza zehatzak martxan jartzeko”. Era berean, talde eragileko ordezkariek azpimarratu dute, komunitateari parte hartzeko tresnak emateaz gain, "gutako bakoitzak bere harri-koskorra ekartzean" duen erantzukizun indibidual eta kolektiboa ere garrantzitsua dela, Elgoibar udalerri atseginagoa izan dadin.
• Ekintza Plana, urritik aurrera
Diagnostikoaren lehen fase hau bukatuta, bigarren fasea hasiko dute urrian; Ekintza Plana. Plan hori galdetegian ageri ziren zortzi ikerketa-ekintza arloetan oinarritzen da (Garraioa, Etxebizitza, Partaidetza eta Gizarte Sarea, Errespetua eta Inklusioa, Herritarren partaidetza eta Enplegua, Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna, Aire librea eta Eraikinak). Plana gauzatzeko talde eragileaz gain, hainbat azpitalde osatu nahi dituzte, galdetegitik ateratako gaiak aztertzen hasteko. Beraz, proiektuan lagundu eta parte hartu nahi dutenek edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek elgoibarlagunkoia@elgoibar.eus helbidera idatz edo 943 741 050 telefono zenbakira dei egin dezakete.
∞Lotura duten albisteak: