Azpilgoeta auzoko trafikoaren norabidea bakarra izango da urriaren 27tik aurrera

Barren.eus 2020ko urr. 26a, 16:32

Azpilgoetako berrurbanizatze obrak direla eta, urriaren 27tik aurrera, Azpilgoeta auzoko trafikoaren norabidea bakarra izango da.

 Mendaroko Udalak jakinarazi duenez, Biribilgunetik sartu beharko da eta Arranbidetik atera. Intxarbakoitzako aldapan aparkatu ahal izango da, mendiaren kontra. Zelaikua plazara joateko aldapan ezingo da aparkatu. Udalak esan duenez, otsailean amaituko dira joan den urriaren 5ean hasi zituzten lanak. Lizitazio publikoa irabazi eta gero, Egurki enpresa ari da lanak egiten. Lau hilabetetako epea dute lanak gauzatzeko.
Berrurbanizatze proiektuaren ardatza pertsona ororentzako irisgarritasuna bermatzea dela nabarmendu dute Udal arduradunek; beraz, eremu osoa maila berean jarriko dute, espaloiak jaitsiz, mailak eta beste elementu batzuk kenduz. "Helburua herritarrak auzoan eroso eta seguru sentitzea da; hori dela eta, oinezkoentzako guneak zabalduko dira eta ibilgailuen pasabidea kendu nahi da, ingurua oinezkoentzako gune segurua izan dadin".
Laurel zaharra dagoen parkearen eremua handitu egingo da, eta, horrela, gune hori erdiguneko plaza bihurtuko da. Bertan, berdegune berriak landatuko dituzte, lorontzi, zuhaixka, banku eta abarrekin, "bizikidetza eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko". Autoentzako aparkaleku kopurua mantendu egingo dute.
Funtsean, erabilgarri ez diren espaloi estuak, gune aldapatsuegiak eta koxka ugariak dira kenduko dituztenak, horretarako araudiak irisgarritasun alorrean jartzen dituen baldintzak betez. Udalak auzotarrekin hainbat bilera egin zituen beraien ekarpenak proiektuan barneratzeko asmoz. Azpilgoeta auzo erdigunean 2.570 m2-ri eragiten dien lanek 282.504,83 euroko aurrekontua dute, BEZ gabe. Irisgarritasun lanez gain, Ur Zerbitzuarekin elkarlanean, euri-uren eta ur beltzen sarea berrituko da, egungo hoditeria ordezkatuz.

∞Lotura duten albisteak: