AZKEN ORDUKOA. Ezingo da herritik irten, ez bada salbuespen kasuetan

Barren.eus 2020ko urr. 26a, 19:47

 

Era berean, eremu publikoan eta pribatuan gehienez sei pertsona elkartu ahal izango dira, eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaitik ere ezingo da irten, ez eta haietara sartu ere. Etxeratze aginduaren ordutegia ere zehaztu du: 23:00etatik 6:00etara. Jaurlaritzak salbuespen batzuk ere ezarri ditu. Hala, etxetik ateratzeko aukera egongo da besteak beste, botikak erosteko, erietxera joateko, lanera joateko, ikasteko eta zaintzarako –adingabeak, adineko pertsonak edota mendekotasuna dutenei dagokienez–. Urriaren 25eko 926/2020 errege-dekretuko 5.1 artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko bakarrik zirkulatu ahalko da etxeratze aginduak irauten duen orduetan, eta garraio publikorik ere ez da egongo.

 Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eman berri ditu jakitera Eusko Jaurlaritzaren neurri murriztaile berriak. Dekretua gaur bertan argitaratu nahi dute boletin ofizialean, eta beraz, bihar 06:00etatik aurrera indarrean izango dira neurriok. Sagardui Osasun sailburuak azaldu du neurriok hamabost eguneko iraupena izango dutela, eta egunez egun egoera "aztertzen" joango direla. Era berean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dituztela ere zehaztu du.

Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri zuen domekan, eta autonomoa erkidegoen esku laga zuen Covid-aren hedapenari aurre egiteko neurri murriztaileagoak jartzea, epaitegien baimenen zain egon beharrik gabe.