Elgoibarko Izarrak eta Gaztelekuak esaldi lehiaketa antolatu dute seigarren urtez, Euskararen Egunaren harira. DBHko eta Batxilergoko ikasleentzako lehiaketa zen, eta euskararekin zerikusia zuen esaldiren bat osatu behar zuten partaideek, euskara hitza agertu gabe. Esaldi irabazlearekin kamisetak ateratzea zuten helburu, baina antolatzaileek jakinarazi dutenez aurtengo parte-hartzea apala izan da eta ez da egon kamiseta batean jartzeko moduko esaldirik.
• Antzerkia Oskar Estangarekin
Esaldi lehiaketaren ordez antzerki bat antolatu dute Batxilergoko lehenengo mailakoentzat. Oskar Estanga (Gaintza, Nafarroa, 1978) musikariak bertsolaritzatik hartutako bat-bateko tresnekin estilo desberdinetako kantak inprobisatuko ditu. Geletan emango ditu saioak, urtea amaitu aurretik.
• Euskarazko esaldi lehiaketako aurreko edizioetako irabazleak
- 2019an Nerea Urbietak irabazi zuen 'Jardun eta jardun, danona egin daigun!', leloarekin.
- 2018an Intza Urangak aurkeztutako esaldiak irabazi zuen lehiaketa.
- 2017akoan Aiala Sierrak izan zen irabazlea, Ilargiraino eta bueltan erabiliko zaitut esaldiarekin.
- 2016an Asier Garaialdek aurkeztutako esaldiak irabazi zuen lehiaketa, Ez izan beldur, izan hiztun lelorekin.
- 2015ekoa Markel Garate mendaroarrak irabazi zuen, Nik hasi zuk jarraittu leloarekin.
- 2014an, Euskararen eguneko estraineko esaldi lehiaketa Uxue Mancisidorrek aurkeztutako Nire ahotik zure belarrira esaldiak irabazi zuen.