Esleitu dituzte panel akustikoak jartzeko lanak, eta zortzi hilabetean egin beharko dituzte

Barren.eus 2020ko aza. 30a, 09:53

Bidegiko administrazio-kontseiluak esleitu ditu Elgoibarren AP-8 autobidean pantaila akustikoak jartzeko lanak. Construcciones Moyua, S.L. eraikuntza enpresak aurkeztutako proiektua aukeratu dute.

Moyuak 1.550.180 euroko (BEZ gabe) kostua duen egikaritze proiektua aurkeztu zuen, eta zortzi hilabeteko epea izango du lanak gauzatzeko.

AP8 autobideko 66,400 eta 67,300 kilometro puntuen artean jarriko dituzte panelak, Ikastola eta Institutoaren artean. Bilborako noranzkoan 866 metroko luzera izango dute, eta Donostiarakoan, berriz, 405 metrokoa. Gune horretan Sallobenteko zubibidea dago, beraz, panelak jartzeaz gain, euste sistemak eguneratuko dituzte.
Panelek 2,5 metroko garaiera izango dute 66,400 kilometroaren eta biaduktuaren artean eta bi metrokoa biaduktuan. Lau metroko garaiera izango dute biaduktutik 67,185 kilometro puntura arte. Obra honek Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko errepideetako zaratari aurre egiteko ekintza-planean du jatorria.

Ane Beitia alkateak adierazi du lan horien esleipena albiste "positiboa" dela elgoibartarrentzat , inguruko bizilagunen bizi kalitatea hobetuko delako pantailei esker, "Erretsundin, Basarten, Arregitorreko dorreetan, San Roken eta Errotaberri inguruko bizilagunen bizi kalitatea, hain zuzen ere".

∞Lotura duten albisteak: