Gaur aurkeztu dute “ElgoibarKlik” webgunea eta bihartik aurrera egongo da erosketak egiteko aukera. Elgoibarko ostalaritza-, merkataritza- eta zerbitzu-sektoreko negozioei ikusgarritasuna emango dien on line salmentarako plataforma digitala da. Elgoibarko Udalak eta Txankakua merkatarien elkarteak bat egiten dute merkataritza txikia sustatzeko eta koronabirusak sektorean sortutako kalteak arintzeko.
'ElgoibarKlik' bi helburu nagusirekin jaio dela azaldu dute: alde batetik, saltokiei ikusgarritasuna ematea, horien digitalizazio maila edozelakoa dela ere; eta beste alde batetik, tokiko eskaintza anitza zabaltzea, gune bakar batean kontzentratuko dena. Sektoreka antolatuta dago (merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresak), eta horien guztien informazio zehatza eskaintzen du. Market Place izeneko atal bat ere badu, beraien plataformen bidez, on-line saltzen duten udalerriko enpresa guztiak biltzen dituena. Whatsapp bidez saltzen duten elikagaien saltokiak elkartuko dituen bestelako atal bat ere badago plataforman, baita erosketak etxera eramateko zerbitzua eskaintzen dituzten enpresen direktorioa ere.
• 77 establezimendu, momentuz
Ekimenaren sustatzaileek adierazi dutenez, orain arte, 77 establezimendu atxikitu egin dira ekimenera (horietatik 11 tabernak dira). Horien guztien artean, 11k on-line salduko dute, 20k WhatsApp bidez eta 21ek etxera eramateko zerbitzua eskainiko dute. Horrela, Udalak zein Txankakuak ekimenera batzeko deia egin die oraindik pauso hori eman ez duten gainerako herriko establezimenduei. Horretarako, Udaleko Ekonomia Sustapen eta Enplegu sailera edota merkatarien elkartera jo dezakete abenduaren 30era arte (izena emateko orria -Word-). Plataformarekin bat egiten duten establezimenduek digitalizazio kit oso bat izango dute. Horretan, partaide bakoitzak ordainketa-pasabide bat izango du, banketxeekin negoziatzeko, beste pasabide batzuen komisioak negoziatzeko… beharrik gabe eta plataforma logistiko bat ere egongo da, saltokiak etxera eramateko zerbitzua eskaini ahal izateko. Hitzarmenak on-line formazio ikastaroak hartuko ditu beregain.
Ane Beitiak azpimarratu du pandemia hasi zenetik merkataritza edo ostalaritza bezalako sektoreak suspertzeko egiten ari diren ahaleginaren eta konpromisoaren beste adibide bat besterik ez dela honakoa. "Izan ere, Udaletik euren negozioak suspertzen laguntzeko irtenbide bila jarraitzen dugu”, esan du Beitiak.
Azkenik, Udalak eta Txankakuak elgoibartarrak hurbileko merkataritzaren aldeko apustua egiten jarraitzera eta tokiko komertzioetan kontsumitzera animatu dituzte “gure dendarien ondoan egoteko unea da. Une hain konplikatu hauetan elgoibartar guztiek tokiko ekonomia suspertzen lan egin behar dugu, Elgoibar bizirik mantentzeko”, azpimarratu du Ruth Garate Txankakua Merkatari Elkarteko Lehendakariak.
∞Lotura duten albisteak:
- Herriko merkataritza suspertzeko indarrak batu dituzte Txankakuak eta Elgoibarko Udalak (2020-11-17)