Arturo Andrade eskultore elgoibartarrak Morkaiko Mendizale taldearentzat egindako brontzezko jaiotzari San Joseren irudia falta zitzaiola jabetu ziren Morkaikoraino igo ziren hainbat herritar. Abuztuan igarri zuten haren falta. Tristuraz hartu zuen berria eskultoreak, eta inguruetan bila aritu zela aitortu du, figura aurkituko zuen esperantzaz. Baina irudia inon agertzen ez zela ikusita, berria egiteko eskatu zioten Morkaiko mendi taldekoek. Sortu du pieza berria, eta Melfun enpresan duten galdategian brontzezko piezari forma eman ostean, Andradek berak jarri zuen atzo zegokion lekuan, Morkaikon, jaiotzako gainerako piezen ondoan. Irudi berriak kolore desberdina duen arren, azidotan pasatu gabe dagoelako dela argitu du artisauak, baina denborarekin joango dela gainerakoen kolore bera hartzen zehaztu du. Gainera, originaletik desberdintu nahi izan du Andradek, gertatu dena gogoan izateko.
∞Lotura duten albisteak: