San Joseren irudi berria egin du Arturo Andrade eskultoreak eta aurki ipiniko dute Morkaiko gainean dagoen jaiotzan

Barren.eus 2021ko urt. 15a, 15:13

Desagertu zen jatorrizko San Joseren irudia ordezkatzeko berria egin du Arturo Andrade eskultoreak eta datorren astean jarriko dute bere lekuan, Morkaiko mendiaren tontorrean dagoen jaiotzan.

 Arturo Andradek Morkaiko Mendizale taldearentzat egindako brontzezko jaiotzari San Joseren irudia falta zitzaiola jabetu ziren Morkaikoraino igo ziren hainbat herritar. Abuztutik igarri dute haren falta. Eskultorearen belarrietara ere ailegatu zen berria. Tristuraz eta harrituta jaso zuen notizia. "Ganberrokeria" bat baino gehiago norbaitek irudia nahigabe bere lekutik aterako zuela uste du Andradek, eta ezustekoarekin edo han inguruan botako zuela. Ingurua miatzen ere ibili zela aitortu du, aurkituko zuelakoan.

Andradek Morkaiko Mendizale Elkartearen enkarguz sortu zuen jaiotza, eta 2004. urtean jarri zuten mendi gainean. Eta oraingoan ere Morkaikokoen deia jaso du San Joseren irudi berria egiteko. Jaiotza egin zuen sasoian egiten zituen eskulturak egiteari lagata dago Andrade, eta gaur egun luthiergintzan aritzen da gehiago Ermuaranbide kalean duen lantokian. "Jatorrizko jaiotza neuk galdatu nuen, galdategia ere banuelako. Orain, aldiz, ez daukat halakorik, eta poliespanean egin dudan irudia Elgoibarko Melfun enpresak duen galdategira eraman behar izan dut. Gaur edo bihar ziren brontzea urtu eta forma ematekoak, eta dena ondo bidean datorren aste erdialdera jarriko dugu irudia bere lekuan", esan du. Era berean, gogora ekarri du San Joseren irudi honek ez duela zorte handiegirik izan, jaiotza jarri eta bi urtera eskuan zuen makulua desagertu baitzen. "Makulua aske zegoen eta horregatik beharbada errazagoa zen norbaitek eramatea. Espero dugu irudi berria jartzerakoan luzarorako izatea".

2021 01 15 jaiotza morkaiko sanjose gabe