Mendaroko udaletxea, Mutrikuko Zabiel Jauregia eta Eibarko Bizikleta plaza dira gure eskualdean berdez argiztatuko dituzten eraikinak. Berde kolorera ohituta daude memdaroarrak, jaietan ere zapi berdea janzten baitute, eta harmarrian ageri den kolorea ere badelako, baina oraingoan minbizia jasaten dutenekiko elkartasunez jantziko da berdez udaletxea.
Minbiziaren Behatokiaren datuen arabera, Gipuzkoan 4.753 pertsonari diagnostikatu zitzaien Minbizia 2020an. Horietatik %36 75 urtetik gorako pertsonen artean daude, eta tumore gaizto ohikoenak kolorrektala, bularrekoa, prostatakoa eta biriketako minbizia dira. Juan Ormazabal AECC Gipuzkoa elkarteko presidentearen hitzetan, Covid-19ren osasun-krisi "larri" honek ezin ditu bigarren mailan utzi gure gizartea kolpatzen jarraitzen duten beste gaixotasun larri batzuk. "Minbizia hor egon da, eta pandemia pasatzen denean ere hor egoten jarraituko du".
Minbiziaren aurkako elkarteak gogorarazi du Debabarrenarako egoitza bat duela Eibarren, Ardantza kaleko 1. zenbakian, egunero goizeko ordutegian (9:30etik 13:30era). Han, laguntza psikologikoa eskaintzen da profesionalen eskutik, eta gizarte-arloarekinzerikusia duen guztian laguntzen da (laguntzen edo bajen kudeaketa, material ortopedikoaren mailegua…), betiere doan, bazkideen aldizkako ekarpenei esker.
Bestalde, AECC Gipuzkoak indartu egin du minbizia duten gaixoei eta haien senideei laguntza psikologikoa eta gizarte-laguntza emateko doako zerbitzua, pandemiak eragindako egoera dela eta. Hala, minbizia duten pertsonak zuzenean tratatzen dituzten profesionalek telefonoz edo bideo-deiaren bidez laguntza emateko aukera eskaintzen dute.
Gainera, Eibarko egoitzako telefonoa (943 202 494) aktibatu egin da lanaldiaren gainerako orduetan asistentzia hori bermatzeko, Infocáncer 900 100 036 linearen bidez. Linea horrek eguneko 24 orduetan ematen du zerbitzua, doan. Debabarreneko eskualde osoko gaixoek eta senideek erabil dezakete zerbitzu hori, Eibarrera joan beharrik gabe.
∞Lotura duten albisteak: