Ur tanta baten itxurako mosaikoa osatu dute kalegoen plazan batu diren herritarrek, emakumeak gehienak. Ekimen sinboliko honetako antolatzaileek, Gipuzkoa AECC Minbiziaren Aurkako Elkarteak eta Elgoibarko Udalak, berdez jantzita etortzeko eskatu zieten herritarrei. Euria barra barra ari zuenez, baina, berde koloreko aterkiak erabili dituzte azkenean mosaikorako. Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen atzo, otsailak 4.
• Agerian ez dauden beharrak azaleratu
Minbiziaren Aurkako Elkarteak gaixotasun honen ondorioz agerian ez dauden "beharrak" azaleratu nahi ditu aurtengo sentsibilizazio kanpainan. Besteak beste, minbiziak duen eragin ekonomikoa, gaixoaren zaintzan eta lanean eragin ditzakeen aldaketak, e.a.. Hori dela eta, pertsonengan eta gizartean kontzientzia sustatzea garrantzitsua dela nabarmendu dute. Halaber gogorarazi nahi dute arreta hori Eibarren eskaintzen dutela, Ardantza kaleko 11 zenbakian, edo 943 20 24 telefono zenbakian.
Minbiziaren Aurkako Elkartea 1953.urtean sortu zen. Elkarte honen helburu nagusiak, gaixo onkologiko eta senideen bizi kalitatea hobetzea, prebentzioen arloan lan egitea, eta ikerketa sustatzea dira. Eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak doakoak dira.
2017. irtean 10.000 gipuzkoar baino gehiagok erabili zituzten Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen doako zerbitzuak. Elkarteak 10.755 pertsona artatu zituen prebentzio eta laguntza kanpaina desberdinetan.