Argazki zaharrez eta gaur egungo irudiez osatutako bideoa zabaldu du Etxegiña taldeak, "izan direnak gogoan... eta etorkizunari begira". Eta esaldi honekin amaitzen da bideoa: "Aurten ez da posible izan Elgoibarko kaleetan elkar ikustea... baina 2022an indarberrituta etorriko gara, 100 urtera bidean". Ikus hemen bideoa.
Bertso batean ere azaldu dute aurtengo egoera berezia:
Etxegiña taldeantzat aurten
egoera berezia,
pena da, baina aurten ezina
Elgoibar koplaz janztia.
Aurten kalian ezin ikusi
ohiko Santa Eskia,
baina elkar zainduz lortuko da
garaitzea pandemia.
Ia ehun urte bete degu
ospatzeko kopurua,
helduko da unea, oraingoz,
zaindu zure ingurua.
Elkarrekin ospatuko degu
desio degu hainbeste,
bitartean ondo izan eta
guztiok zaindu zaitezte!
• Diru eskea, kolektibo kalteberen alde
Herriko behartsuenentzat eta kolektibo kalteberentzat eskatu ohi dute urtero dirua Etxegiñakoek santa eskean. Batzen duten diru guztia Caritasi eman ohi diote eta aurten inoiz baino premia handiagoa dagoela aintzat hartuta, kontu korronte bat zabalduko dute hala nahi dutenek diru-ekarpena egin dezaten (Laboral Kutxa: 3035 0007 23 0071019042). “Osasun krisi bezala hasi zena krisi sozial eta ekonomiko ere bilakatu da, eta lehen baino gehiago dira behar gorrian aurkitzen diren kolektiboak”, zabaldu dute prentsa oharrez.
∞Lotura duten albisteak:
- Gaur ez da koplarik entzungo baserri atarietan (2021-02-04)
- Santa eskerik ez da izango aurten Elgoibarren eta Mendaron, baina Etxegiñakoek Caritasentzako dirua biltzeko bidea zabaldu dute (2021-01-29)
- Santa Ageda bezperan, kantuan eta eskean (2020-02-05)
- Ospitalean eta Eguneko Zentroan izan dira kantuan Mendaro ikastolako koplari gazteak (2020-02-04)
- Etxegina taldekoak izan dira santa eskean irteten aurrenekoak, giro epela lagun dutela (2020-02-01)