Jon Larrañaga gailendu da Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketan

Barren.eus 2021ko ots. 9a, 11:43

Egoerak behartuta 2020ko Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketa aurten jokatu dute, joan den zapatuan, hain zuzen ere, eta lekua ere ez zen aurreikusitakoa izan.

Berez, azaroaren 8an Zizurkilen jokatzekoak ziren 2020ko Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketako finala, baina pandemiaren bilakaerak laguntzen ez zuela eta, atzeratzea erabaki zuten antolatzaileek. Joan den zapatuan, otsailaren 6an, jokatu zuten azkenean. Final hori Aian izatekoa zen hasiera batean, baina Aian eremu gorriko murrizketak indarrean dituztenez, Asteasura lekualdatzea erabaki zuten. 

Finalean lehiatu ziren lau partaideek 50 lokotx bildu behar izan zituzten saskira, eta azkarrena Jon Larrañaga mendaroarra izan zen. Sei minutu eta 30 segundo behar izan zituen bere lanak bukatzeko. Larrañaga Euskal Herriko txapelduna ere izana da herri kirol modalitate honetan. Mattin Jauregi ikaztegietarra sailkatu zen bigarren postuan, sei minutu eta 58 segundoko denbora eginda, irabazleak baino 28 segundo gehiago. Beste ikaztegietar bat, Uxer Mozo, sailkatu zen hirugarren, 7 minutu eta 20 segundoko denborarekin. Laugarren sailkatua Xabier Melendo izan zen, eta honek 7 minutu eta 47 segundoan batu zituen 50 lokotxak.
2020ko Gipuzkoako Harri Handien Txapelketako finala ere jokatu zuten jaialdi berean, eta Aimar Irigoien errezildarra gailendu zen, hirugarren urtez jarraian.

*Argazkiak: ataria.eus

2021 02 06 asteasu lokotxbiltze gipuzkoa txap ion larranaga ataria tokikom 700x700

2021 02 06 asteasu lokotxbiltze gipuzkoa txap ion larranaga ataria tokikom garaikurragaz 700x700

2021 02 06 asteasu lokotxbiltze gipuzkoa txap ion larranaga ataria podiuma tokikom 700x700

∞ Lotura duten albisteak: