91 elgoibartar eta 11 mendaroar, Gogorak plazaratu duen 36ko gerrako hildakoen zerrendan

Barren.eus 2021ko ots. 10a, 13:50

36ko gerran hildako herritarren zerrenden datu basearen online bertsioa jarri du martxan Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen institutuak. 20.970 hildako pertsonaren datuak jarri dituzte kontsultagai, eta horien artean daude 91 elgoibartar eta 11 mendaroar.

1936 eta 1945 urteen artean gerraren eta errepresioaren ondorioz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nahiz hiru horietan jaio baina kanpoan hil ziren pertsonen datuak jarri ditu kontsultagai Gogora institutuak bere webgunean.

Astelehenean aurkeztu zuten 36ko gerrako biktimen estreinako erakunde-errolda. Hain zuzen ere, 20.970 pertsonaren fitxak eratu dituzte, eta horietatik 91 dira Elgoibarren jaiotakoak edo Elgoibarren hildakoak, eta era berean, 11 dira Mendaron jaiotakoak edo hildakoak. –honako lotura honetan ikus daiteke hildakoen zerrenda–.

Biktimen datu base horretan daude jasota matxinatuek zein errepublikanoek eragindako biktimak. Haien izen-abizenekin batera, heriotzaren kausa eta urtea, familiaren datuak, non dagoen lurperatuta eta informazioa nondik jaso den ere adierazi dute. Datu basean ageri diren 20.970 pertsonetatik 13.283 faxistek hil zituzten, eta 7.687 Errepublikaren aldeko indarrek. Gainera, badira zerrenda horretan identifikatu gabeko pertsonak ere: 698, zehazki. 20.970 lagunetatik 19.962 ziren gizonak, 977 emakumeak eta 31 sexua zehaztu gabe ageri dira.
 • Ikerketak zabalik jarraitzen du
Hainbat hildakoren informazioa falta dela zehaztu du Gogorak; izan ere, ez dakite 7.795 pertsona non dauden lurperatuta. Horregatik, ikerketak zabalik segitzen duela nabarmendu dute. Institutuko ordezkariek azaldu dutenez, gaurdaino 1.500 bat lagunek eskatu diete hildako senideen inguruko informazioa, eta hain justu ere, horregatik jarri dute datu basea herritar guztien eskura, webgunea etengabe berritzea nahi dutelako. Gainera, Gogorarekin harremanetan jartzeko eskatu diete Espainiako Gerran eta frankismoaren hasierako urteetan hildakoei buruzko agiriak edo informazioa duten herritarrei, eta baita datu-baseak kontsultatzera animatu ere.

2021 02 10 gogora 36gerra datubasea aurkezpena albistea

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak astelehenean Bilbon egin zuten aurkezpenean azaldu zuenez, datu basearen bidez "memoria partekatua, irekia, inklusiboa, kritikoa eta etikoa" sustatu nahi dute. Zehaztu zuen Eusko Jaurlaritzak urteak daramatzala memoria historikoa lantzen, eta pozik agertu zen Espainiako Gobernua ere lan horrekin bat egien ari dela dirudielako.

Artolazabalen arabera, 36ko Gerran hildako biktimei "duintasuna" itzultzea izan da Jaurlaritzak egitasmo honekin lortu nahi izan duena: "Iluntasunean argia egitea, ahotsik izan ez dutenei ahotsa ematea". Gainera, etorkizunera begira, "autokritika eta indarkeriaren desligitimazioa" aipatu zituen, etorkizuna "printzipio etiko sendoen gainean" eraiki behar delako.

Ildo berean, memoria historikoa berreskuratzeko sortu zuten Elgoibar1936 taldeak ere makina bat informazio bildu du azken urteotan 36ko gerrak Elgoibarren izan zuen eraginaz. Elgoibarren fusilatutakoen zerrenda eta datuak, frontean hildakoena, gerrako haurrak... eta hainbat omenaldi ere antolatu dituzte: frankistek hildako gudari, miliziano eta zibil elgoibartarrak omentzeko, erregimen frankistak jazarritako guztiak omentzeko, edo Elgoibartik kanporatutako emakume eta umeak omentzeko, besteak beste.