1937ko otsailean tropa faxistek Elgoibartik eta Mendarotik kanporatu zituzten emakumeen eta umeen zerrenda osatu du Memoria Historikoa berreskuratzeko lanean diharduen Elgoibar1936 taldeak. 1936ko irailaren 21ean sartu ziren tropa kolpistak Elgoibarren. Lagun asko hil eta zauritu ziren gerran eta beste asko sartu zituzten kartzelan edo kontzentrazio esparruetan. Beste askok errepresio bortitza jasan zuten eta emakumeak eta umeak izan ziren horietako asko. Denera, Elgoibarren eta Mendaron errepresioa jasan zuten emakumeen eta umeen 100 lagunetik gorako zerrenda osatzea lortu dute. Zerrenda osoa argitaratu dute elgoibar1936 webgunean. Kanporatutako emakume eta ume horien familiakoei eurekin harremanetan jartzeko telefono bat eta e-posta bat dutela jakinarazi dute Elgoibar1936koek: 605 772 285 da telefono zenbakia eta e-posta: elgoibar1936@gmail.com
Alabaina, publiko egin duten zerrenda osatzeko lanean jarraitzen dute eta bigarren zerrenda bat ere plazaratu dute, bertan agertzen diren pertsonei buruzko informazio gehiago eskatuz. Hor ere, aurrez aipaturiko bideetatik jarri daiteke hartu-emanetan Elgoibar1936 taldekoekin.
• Laugarren omenaldia
Elgoibar1936 taldeak antolatzen duen era honetako laugarren omenaldia izango da irailaren 26an egin asmo dutena. Estreinakoan, 2017ko irailaren 23an, Erregimen frankistak jazarritako guztiak omendu zituzten, hain justu urte hartako otsailean hobi komunetan zeuden 27 pertsonaren gorpuzkinak hobiratu zituzten leku berean, Olasoko hilerrian ipini zuten kolunbarioan. 2018ko irailaren 22an, berriz, frankistek hildako gudari, miliziano eta zibil elgoibartarrak omendu zituzten; eta, iaz, Frankismoan kartzelan edo kontzentrazio esparruetan preso izan zituztenak gogoratu zituzten.