“Zerbitzuen murrizteak Elgoibarko herritarren bizi-kalitateari eragiten dio, eta, batez ere, gure udalerriko sektore ahulenei eragiten die”, salatu dute. Osasun-sistema “publikoa, hurbila eta eraginkorra” izatea pertsonen oinarrizko eskubidea dela nabarmendu dute eta horregatik mobilizatzera eta “elkarrekin lan egitera” deitu dituztela herritarrak, eta batez ere, “pertsonen ongizatearen alde lan egiten duten alderdi politikoak eta gizarte-eragileak”. Horren harira esan dute poztu dituela Elgoibarko alderdi politiko batzuk akordio politiko bat lortzeko lanean eta mugitzen hasi izanak, baina nabarmendu dute dena ez dela ona izan:? “Elgoibarko Udaleko EAJ-PSEko gobernu taldeak atzera bota zuen 2020ko uztailean Elgoibarko gizarte-eragileek aurkeztutako mozioa (EAJk aurkeztutako mozioa onartu zuen udalbatzarrak), murrizketa udako hilabeteetara mugatzen zelako eta larrialdi-zerbitzua Eibarko Torrekua ospitalean edo Mendaroko ospitalean ematen zelako. Hilabeteak igaro dira eta hasieratik uste genuena gertatu da: ordutegi-murrizketa ez zen udako hilabeteetarako, eta geratzeko iritsi da. Lehenengo 20:00ak arte murriztu ziguten ordutegia. Orain 17:00etan amaitzen da”.