Azken osoko bilkuran, herrigunetik ospitalera dagoen desnibela gaindituko duen igogailuaren proiektuaren idazketa martxan jartzea onartu zuen Mendaroko udalbatzak. Hortaz, beste pauso bat eman dute herriko bigarren igogailu publikoa izango dena eraikitzeko prozesuan. Lehenengoak Garagartza kalea Herriko Enparantza lotzen ditu. Zehazki, bi igogailu eraikiko dituzte. "Igogailu honek 27 metro inguruko desnibela lotzea da asmoa, horretarako bi igogailu eraikiz: Kilimon etorbidetik Andoneikua etorbidera bata eta bertatik ospitalera bestea. Era berean, tartean ere beste geldiune bat egitea aurreikusi da, hain zuzen kirol gunean, eremu hori ere erdigunearekin lotuz", azaldu dute udal arduradunek.
Mendaroko alkate Iñaki Arregik nabarmendu du legealdi honetan herritarren bizi kalitatea "esponentzialki" hobetu nahi dutela, irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetuko duten azpiegiturak abian jarriz: “Igogailuak asko erraztuko du mendaroar zein bisitarien mugikortasuna ospitalera. Oinarrizko zerbitzua da, herritar guztiok erabiltzen duguna, eta ezinbestekoa da irisgarritasuna bermatzea. Mendaroko etorkizunaren zimendu da, apustu estrategikoa", adierazi du prentsa ohar bidez.
Mendaroko Udalak 93.000 euroko diru partida onartu zuen igogailuaren proiekturako 2021eko udal aurrekontuetan.