2.764.000 euroko aurrekontua onartu du Mendaroko Udalak 2021 urterako, EAJren botoekin

Barren.eus 2020ko abe. 19a, 17:37

 Mendaroko Udalak 2.764.000 euroko aurrekontua izango du 2021ean, 2020an baino 64.000 euro handiagoa. EAJren bost zinegotzien aldeko botoekin onartu zituzten eguenean aurrekontuak. PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen bozketan eta EHBilduko lau zinegotzik kontra bozkatu zuten (Ezbehar baten ondorioz EHBilduko zinegotzi batek ezin izan zuen bozketan parte hartu). "Ideia berri gutxi" eta "lankidetzarako gaitasun falta" egotzi dizkio oposizioak EAJri.

 Iñaki Arregi alkateak esan zuen hiru ardatzi edo helbururi erantzuten dietela aurrekontuek: herritarren babesa eta herritarren ongizatea bermatzea, garapen ekonomikoa eta enpleguaren sustapena eta Udalak 2019-2023ko Legealdi Planean jasotako proiektu estrategikoak. "2021erako onartu ditugun kontuak aurrerakoiak dira, eta guztiz salbuespenezkoak, onartzen diren testuinguruagatik. Aurrekontua murriztu arren, Udalak aurrezkiak ditu, diru gerakina, eta diru hori erabiliko dugu inbertsio publikoa indartzeko".

Gastuei dagokionez esan zuen, oro har, mantendu egingo dutela gastu arrunta, Gizarte Zerbitzuen arloan izan ezik. Alor horretan handitu egin dute aurrekontua, "mendaroar zaurgarrienak babesteko". "Etorkizuna nahi dugu eraiki, baina, noski, inor atzean gutzi gabe". Bide horretatik alkateak nabarmendu du aurrekontuak "elkarlana" dutela oinarri. "Oposizioko alderdikien bilera ugari egin ditugu eta beren hainbat eta hainbat ekarpenekin aberastu dugu aurrekontua". Esker on hitzak izan ditu EHBilduko zinegotzientzat, bai eta gobernukide duen PSE-EEkoarentzat ere. Horren harira honakoa esan du: "Jarrerak hurbildu eta adostasun eremu batera iritsi gara, bozketan hala izan ez bada ere, eta oposizioaren proposamen gehienak barneratuta daude. Uste dut guztion artean eraiki behar dugula Mendaro, eta ezberdin egiten gaituen hori balioan jarri". Azken horrekin ez dator bat oposizioa. Negoziaziorako borondate falta izana egotzi dio EAJri. "Gehiengoan balego bezala jokatzeko ohitura hartzen hasia da EAJren Udal Gobernua. Baina gutxiengoan dago, ordenantza fiskalen aldaketak onartzerakoan konprobatu ahal izan zuten moduan. Ez litzateke txarra apaltasunaren bidera itzuli eta gainerakook aintzat hartzen hasiko balira".  
 
Aurrekontuetan nabarmendutakoak

  1. 494.700 euro bideratuko ditu Mendaroko Udalak 2021ean gizarte-zerbitzuen zorroa bermatzeko. Batez ere, etxez etxeko laguntza zerbitzua indartuko dutela jakinarazi dute (110.000 euroan). 
  2. Familientzako laguntzetarako 22.000 euro gehiago aurreikusi dituzte.
  3. Ongizatearen alorrean, 223.100 euro aurreikusi ditu Erretiratuen Etxearen kudeaketa gastuetarako eta Eguneko Zentroaren kudeaketarako. Horri lotuta, jakinarazi du lokal bat egokituko dutela gizarte-talde eta eragileentzat.
  4. Nerabeentzako laguntza-lerroa: 30.000 eurokoa izango da, lehen halako bi. Eta familian esku hartzeko programak, Berdintasun Plana egikaritzeko ekintza-plana, eta migratzaileentzako laguntzak bere horretan mantenduko dituzte. 
  5. Herriko merkatari, ostalari eta zerbitzuetakoei laguntzeko Suspertze Plana: 2020ko maiatzean onartutako Suspertze Planari jarraipena emateko apustua egingo dutela zehaztu du alkateak. 10.000 euroko diru-poltsa agindu du. 
  6. Mugikortasun alorrean inbertsio handienak bi izango dira: landa ingurunean hobekuntzak egitea (150.000 euro) eta ospitalerako igogailua (93.000) euro. 
  7. Trantsizio energetikoa: Argiak LED teknologiara ordezteko: 25.000 euro. Ikastolan eta frontoian jarri dituzte momentuan.
  8. Mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lanetarako: 40.000 euro.
  9. Kultura programaziorako, kirolerako, euskararako eta gazteriarako aurrekontuari eutsiko diote. Kultura eta identitatearekin lottuako alorrerako 583.700 euroko partida izango du Udalak eta herriko talde eta eragileei laguntzeko 75.000 euro baino gehiago bideratuko ditu 2021ean. 
  10. Nazioartean pobreziaren kontra egiteko 1.200 euro jarriko ditu Udalak. Zaporeak Elkarteak jasoko du diru hori, Moriano errefuxiatuen kanpamenduan lanean diharduen gobernuz kanpoko erakundeak. Arlo sozialean, beste diru-laguntza batzuei ere eutsiko die: Atzegik, Odol Emaileek, Proyecto Hombrek, Deparkelek jasotzen dute dirulaguntza, besteak beste. 

 PSE-EEren balorazioa
 
Udal gobernukide izan arren, aurrekontuen bozketan abstenitu egin zen egunean Mari Jose Telleria PSE-EEko zinegotzia eta halaxe arrazoitu du prentsa ohar bidez bere erabakia: "Abstentzio kritikoa da nirea. Gure alderdia abstenitu egingo da uste dugulako aurrekontu hauek ez dietela erantzuten herri honen erronkei; aurrekontu kontinuistak dira. "Ekimen berritzaile bakarrak talde sozialistak aurkeztutakoak dira. Hiru milioi euro inguruko aurrezkiekin, EAJ ez da gai izan proiektu berririk diseinatzeko, ezta inguruko udalerrietan funtzionatzen duena kopiatzeko ere". Ohar horretan Telleriak dio aurrekontuaren "izaera kontinuista" eta EAJren udal gobernuak erakutsitako "anbizio eskasa" "akats politiko larria" direla, "Mendaroko bizilagunek ordainduko dutena". Osoko Bilkuran, berriz, Tellerriak aurreratu zuen diru gerakina  aurrekontuan sartzeko aukera duen hurrengoan berriz saiatuko dela oraingoan EAJk atzera bota dizkion proiektuak aurkezten. Proiektu horietako batzuk zerrendatu ditu prentsa oharrean:

  1. Enpresentzako laguntzak, pertsonala kontratatzeko (150.000 euro).
  2. Ekintzailetza sustatzeko, berriz,  700 euroko laguntza proposatu du Ekingune elkartearentzat
  3. Kontsumorako bonu berriak sortzeko: 12.000 euro.
  4. Udalak "kualifikazio handiko" teknikari bat kontratatzeko, lizitazioak eta kontratuak sasoian kudeatzeko: 50.000 euro.


 EHBilduren balorazioa
 
"Inoizko aurrekontu sozialenak izango zirela aldarrikatu zuen Iñaki Arregi alkateak duela urtebete inguru. Guk ez genuke hainbeste esango, baina gauza interesgarriak bazirela pentsatzen genuen, besteak beste, EHBilduk proposatuta onartu ziren dirulaguntza partida desberdinak jasotzen zirelako. Esate baterako, beharrik handiena zuten familiei haurren eskolaz kanpoko jardueretan laguntzeko laguntzak, etxebizitza zaharretan igogailuak ezartzen laguntzekoak, etxebizitzen efizientzia energetiko hobetzen nahiz haien CO2 isurketak murrizteko neurriak bultzatzeko etab. Bestelakoa da, ordea, gaur gure iritzia", jaso du EHBilduk prentsa oharrean, eta salatu du EAJren "kudeaketa kaxkarraren ostean" aurrekontuen %75 baino ez dela gauzatu. "Aurrekontuetan jasotako alderdi sozialenak bete gabe gelditu dira", nabarmendu dute. Aurrekontu proiektuaren lanketa "oso pobrea" izan dela salatu dute EHBildutik. "Azaroaren 3ra arte ez genuen lehendabiziko zirriborroaren berririk izan. 2020ko proiektuaren kopia-pega baten itxura zeukan: ideia berririk ez apenas". Emendakinetarako aukerarik ez dutela izan salatu du oposizioak: "Gure partea, bete beharreko tramite hutsa balitz bezala. Emailez erantzun ziguten gure emendakin gehienak baztertuz, eta hor bukatu zen negoziazioa. Salatu dute 19 emendakin aurkeztu zituztela eta bakar bat ez dietela onartu hilabete t'erdian. 
 
Horrekin batera, udal aurrekontuei aurkeztutako emendakinen zerrenda ere eman du EHBilduk. 19 puntu jaso dituzte guztira. Tartean honako puntu hauek jaso dituzte:

  1. Mendaroko Etxebizitza Beharren Etengabeko Behatokia sortzea segmetnu desberdinetako etxebizitza eskaria asetzeko helburuarekin.
  2. Bidegorriaren eraikuntza martxan jartzea Foru Aldundiarekin: bai Debako lotura eta bai Elgoibarrerakoa.
  3. Erreka eta ibai bazterretan, barandilen azpikaldea estaltzeko sarea jartzea, haizeak plastikoak eta zaborra uretara eraman ez ditzan.
  4. Zuhaitz espezie autoktodun basoak bultzatzeko lur sail berriak erostea
  5. COVID-19ak kaltetatuentzako laguntzak. "2020an 88.000 euro destinatu ziren eta 2021ean ez luke hori baino txikiagoa izan behar".
  6. Mendaroko ikastolarako, musika eskolarako, gimnasiorako, ludotekarako.... HEPA aire irazgailuak eta CO2 kpntzentrazioa neurtzeko gailuak erostea.
  7. Mendaro Haurren Hirien Sarian integratzea
  8. Mendaron Arno-Izarraitzeko Karstaren interpretaziogunea sortzea Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Euskal Kostaldeko Geoparkearen proiektuaren baitan
  9. Alkatearen soldata urteko 45.000 eurora jaistea. Legegintzaldi hasieran %25eko soldata igoera ezarri zuen (55.300 euro urtean) eta 2021erako aurrekontuetan igoera %30erainokoa izatea proposatu du EAJk (57.000)
  10. Angel Basterretxea Udal Fondoa sortzea Mendaroko ondarea jaso, katalogatu, antolatu, babesteu eta ezagutarazteko asmoz.

Emendakin guztiak EHBilduk Facebooken duen orrialdean eskegi dituzte.