Turismo enpresentzat marketing digitala lantzeko aholkularitza zerbitzua

Barren.eus 2021ko mar. 25a, 13:48

Aholkularitza zerbitzu hau erabili ahal izateko, SPRIren Enpresa Digitala programak eskaintzen dituen ikastaroetatik batean izena eman behar da, marketing digitalaren hainbat tresna lantzen dituztenen artean aukeratuz. Debegesak turismo enpresei jada bidali die zerrenda. Ondoren, ikastaroak betetakoan, aholkularitza zerbitzua Debegesan eskatu dezakete, ikastaroan ikusitakoa lantzeko eta jarraipena egiteko. Aholkularitza zerbitzu honek gehienez enpresako 2 saio eta 4 ordu eskaintzen ditu.

 • 2020, turismoarentzat urterik txarrena
Munduko Turismo Erakundearen arabera, 2020 turismoarentzat urterik txarrena izan da erregistroak daudenetik. Hala izan da Debabarrenean ere. Bisitari zenbakiak %55 etik %95era jaitsi dira Mutriku eta Debako Turismo Bulegoen datuen arabera. Hoteletan sarrerak %62 jaitsi dira, eta landa-ostatuetan %55. Euskal herritarrak eta Estatuko bisitariak izan dira gehiengoa, atzerritarren kopurua nabarmen jaitsi baita. Ostalaritzan ere fakturazioa %50etik %75era jaitsi da, batez ere ekitaldi jendetsuak hartzen dituzten establezimenduetan.

Debegesatik zehaztu dutenez, Debabarreneko turismo-sektorea batez ere enpresa txiki eta langile autonomoz osatuta dago. Kasu gehienetan familia-enpresak dira, kideek osatutakoak, batez ere landetxe eta nekazalturismoen kasuan. 2021erako aurreikuspenari dagokionez, gehienek ez dute espero Aste Santuan jarduera berreskuratzea, beraz diru-sarrera gutxiko urtea izango dela uste dute, eta bizirautearekin konformatzen dira.