2.500 euroko saria irabazi du Ane Arakistainek 'Gipuzkoan zehar erosketetan' ekimenaren barruan

Barren.eus 2021ko mai. 5a, 15:50

'Gipuzkoan zehar erosketak" programa jarri zuen abian Jaurlaritzak, moda erosketak bultzatzeko eta Covid-19ren inpaktuak gehien eragiten dien merkataritza-sektoreak suspertzeko asmoarekin. Ekimenaren barruan, hainbat sari zozketatu dituzte eta Ane Arakistain elgoibartarrak irabazi du nagusiena, 2.500 euroko saria.

Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtado sailburuak Donostia Moda Jaialdia aurkezpenean eman zuen "Gipuzkoan zehar erosketak" izeneko programaren berri. Gipuzkoako saltokietan erosketak sustatzeko programa bat dela azaldu zuen, tokiko merkataritzako kontsumitzaileentzako pizgarri ekonomikoak dituena. Jarduera honen bidez, gainera, tokiko merkataritzak gure herri eta hiriei bizia emateko eta hiri - eta gizarte-kohesiorako duen "garrantzi handia" balioetsi nahi dute. Izan ere, %14 jaitsi da arropen eta oinetakoen salmenta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Pandemiak erosteko ohiturak "nabarmen" aldatu dituela ere azpimarratu dute. Sailaren Merkataritza Behatokiak argitaratutako Euskal Kontsumitzailearen Barometroaren arabera, "Euskadin 10 pertsonatik 6k beren kontsumo-ohiturak nabarmen aldatu dituzte pandemiagatik, eta hurbileko merkataritzako erosketak % 35 egin du gora".
 • Sarituak
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 1.266 lagunek hartu dute parte Gipuzkoan zehar erosketetan ekimenean. Gipuzkoako komertzioetan erosketak egin dituzte horiek, eta erosketak egin ostean, erosketaren argazkia partekatu behar zuten gipuzkoademoda.com webgunean. Hori egin ondoren, parte-hartzaileak zuzenean sartu dira sarien zozketan. Atzo egin zuten zozketa Diario Vasco egunkariaren instalazioetan. Ane Arakistain elgoibartarrak irabazi du Jaurlaritzak eman duen sari nagusia, 2.500 eurokoa. Ignacio Camacho donostiarrak, berriz, Sabadellek emandako 1.500 euroko saria eskuratu du. Diru hori Gipuzkoako komertzioetan gastatu beharko dute sarituek. Herrikako sariei dagkionez, Maite Ucinek irabazi du San Sebastian Shops-ek emandako 1.000 euroko saria. Elgoibarko Udalak eman duen 500 euroko saria Maria Ferreirok irabazi du eta Susana Garciak Zumarragako Udalak emandakoa.

Izan ere, Jaurlaritzak gidatu du ekimena, baina hainbat erakunderekin elkarlanean, besteak beste Elgoibarko eta Zumarragako Udalak eta Sabadell bankua. Maiatzaren 15ean egingo da sari-banaketa ekitaldia Donostiako San Telmo Museoan, Donostia Moda Jaialdiaren barruan egingo duten desfile tradizionalen egunean.