Lezo, Andoain, Pasai Donibane, Lizartza, Zizurkil, Legazpi, Lasarte, Ataun, Amasa-Villabona, Anoeta, Mendaro eta Elgoibarko dantzariak izan genituen asteburuan dantzan Herriko Antzokian, 7 eta 15 urte bitartekoak guztiak. Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako hamar neska-mutil ere lehiatu ziren: Dantzari bat, A sailean; bost dantzari, B sailean; eta 4, D sailean.
Zapatuan egokitu zitzaien dantza egitea Unax Ansola, Duna Santos, Maialen Pizarro, Uxue Cabrera, Elaia Etxaniz eta Amaia Mendiari, eta domekan, Nerea Galindo, Malen Galarraga, Jon Etxeberria eta Eneko Etxanizi. Eskolako arduradunek jakinarazi dute oso txukun aritu zirela guztiak, baina txapelketa herrian jokatuta, beste batzuetan baino urduriago ere dantzatu zirela batzuk. Unax Ansolarentzat estreinako aldia izan zen, eta bigarren egin zuen. Domekan lehiatu zirenen artean aipatu behar da Eneko Etxaniz elgoibartarrak txapela jantzi zuela eta Jon Etxeberriak laugarren egin zuela.
Hurrengo kanporaketa Lezon jokatuko dute, maiatzaren 29an, eta bertan izango dira Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolako ondorengo ordezkariak: Jon Etxeberria, Maialen Pizarro, Uxue Cabrera, Amaia Mendia eta Unax Ansola.
∞Lotura duten albisteak:
- Elgoibarko XX. aurresku txapelketa jokatuko dute asteburuan (2021-05-04)
- Eneko Etxanizen bigarren garaipena Gazteen Gipuzkoako Aurresku Txapelketan, oraingoan Villabonan (2021-03-30)
- Elgoibarko eta Lezoko dantzari gazteen aurreskuak nabarmendu dira Aurresku Txapelketaren lehen jardunaldian (2021-03-15)
- Eneko Etxaniz txapeldun eta Markel Goenaga txapeldunorde Elgoibarko Aurresku Txapelketan (2020-10-27)