Unax Ansolak bigarren postua lortu zuen Lezoko Soinu Zahar eta Aurresku txapelketan

Barren.eus 2021ko eka. 1a, 14:42

Gazteen Gipuzkoar erako Aurresku Txapelketako ligaxkako azken jardunaldia jokatu zuten zapatuan Lezon. Elgoibarko bost dantzarik lortu dute ekainaren 6an eta 19an jokatuko diren finaletarako sailkatzea.

Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolako bost dantzarik hartu zuten parte Lezoko Soinu Zahar eta Aurresku txapelketan. Hainbat herritatik joandako dantzariek hartu zuten parte jokoan zeuden hiru kategorietan, eta dantzari lezoarrak nabarmendu ziren, aipaturiko kategoria guztietan gailendu baitziren Murixka dantza taldeak antolatutako txapelketan. Elgoibarko dantzariek ere maila oso ona eman zutela azaldu dute Inazio Bereziartuako arduradunek. Unax Ansolak A sailean (7-10 urte artekoak) eskuratu zuen bigarren postua nabarmendu behar da. Uxue Cabrera, Amaia Mendia eta Maialen Pizarro dantzari elgoibartarrak B sailean lehiatu ziren; eta, D sailean Jon Etxeberria.

Mailaz mailako lehen hiru dantzarien sailkapenak.

D saila (14-15 urtekoak)

  1. Ane Jaunarena (Lezo).
  2. Olatz Azkue (Lezo).
  3. Endika Osa (Lezo).


B saila (11-13 adin tartekoak)

  1. Mikel Esnaola (Lezo).
  2. Jurgi Errandonea (Andoain).
  3. Enara Artola (Lezo).


A saila (7-10 adin tartekoak)

  1. Judith Jacinto (Lezo).
  2. Unax Ansola (Elgoibar).
  3. Nora Eskudero (Legazpi).

 • Finalerako sailkatutako dantzari elgoibartarrak
Gipuzkoako ligarako puntuagarria zen azken saioa jokatu ostean, erabakita dago ze dantzari sailkatu diren finaletarako. A eta B sailekoek datorren domekan, ekainaren 6an, jokatuko dute finala, Errenterian. D sailekoek, berriz, ekainaren 19an jokatuko dute finala, Legazpian. Inazio Bereziartua eskolako bost dantzarik lortu dute finalerako txartela: Unax Ansola eta Elaia Etxaniz A eta B sailetan lehiatuko dira eta D saileko finalean dantza egingo dute Malen Galarragak, Jon Etxeberriak eta Eneko Etxanizek.

2021 05 31 aurreskua lezo jon etxeberria elgoibar inazio bereziartua

∞Lotura duten albisteak: