Bidegorriaren hasieran komun publiko bat ipiniko dute

Barren.eus 2021ko eka. 2a, 08:54

Santa Ana kalearen amaieran, Elgoibar eta Eibar arteko bidegorria hasten den lekuan, komun publiko bat ipiniko du Elgoibarko Udalak.

Udaletik jakinarazi dutenez, lizitaziora atera dute komun auto-garbigarri bat jartzeko kontratua. Lanek 54.000 euroko (BEZa barne) aurrekontua izango dute.

Baldintza-agirian adierazten denez, erabilera mistoko komun auto-garbigarria izan behar du, eta bi lagunentzako pixatoki bat eduki behar du kanpoaldean. Horrez gainera, honako ezaugarriak izan beharko ditu: Hormigoi armatuzko egitura duen garbiketa-kabina bat, forma biribildukoa, pertsona guztientzat irisgarria, konketa eta altzairu herdoilgaitzezko komun-ontzia duena, lurzorua presiozko urez garbitzeko sistema, presiozko estalki automatikoa garbitu eta desinfektatzeko sistema eta lehortzeko sistema duena.
Lizitazioa eskuratzen duen enpresa arduratu beharko da komuna eraikitzeaz, garraiatzeaz, instalatzeaz eta baita mantenimenduaz ere, datozen bi urteetan. Lizitaziora eskaintzak aurkezteko epea ekainaren 14an amaituko da. Udalak udan instalatu ahal izatea espero du.
Jakin arazi dutenez, era honetako herriko laugarren komun publikoa izango da, Urazandiko parkean, Sigmako aparkalekuan eta Maala parkean daudenen antzerakoa izango baita.

2021 06 02 bidegorri hasiera komunaren kokalekua

∞Lotura duten albisteak: