Pandemiagatik bertan behera laga zuten iaz Udako Kirol Campusa, baina laga zuten lekuan itzuli dira berriro: 275 umek eman dute izena aurten eta 268 izan ziren 2019an. Aurtengo campusa ohi baino luzeagoa izango da, lau astekoa izan beharrean bost astekoa izango baita, gaurtik uztailaren 23ra bitartean.
Kirolarekin, naturarekin eta lagunekin jolasten oporrak osasuntsu pasatzeko helburua du Kirol Campusak, antolatzaileen berbetan. Astelehenetik barixakura, 9:30etik 12:30era, Olaizaga eta IMH kiroldegietan, Mintxetan, Ikastolako Frontoian eta herriko beste hainbat gunetan batuko dira kirolzale gaztetxoak (2006-2014 urte bitartean jaiotakoak) askotariko kirolak egiteko.
Lehen egunean Mintxetan elkartu dira parte hartzaile guztiak, eta campusa gidatuko duten hamasei monitoreek taldetan banatu dituzte. Kamisetak banatu ostean, taldeko argazkia atera dute eta kirola egiten hasi dira gero. Lehen egunerako egitarau bete-betea zuten: Padela, tenisa, eskalada, Hockeya, badmintona, eskubaloia, saskibaloia...
∞Lotura duten albisteak:
- Kirol eskaintza zabalarekin dator aurtengo Udako Kirol Campusa ere (2021-04-15)
- Ia 140 umek hasi dute Udaberriko Kirol Campusa (2021-03-29)
- Kirol Campusa bertan behera lagatzea erabaki dute (2020-05-26)
- 268 ume eta nerabe hasi dira gaur udako kirol campusean (2019-06-24)