Bikefriendly saria jaso du Eibar-Maltzaga bidegorriak, 'Bizikleta azpiegitura' kategorian

Barren.eus 2021ko uzt. 2a, 11:53

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak Bikefriendly 2021 saria jaso du 'Bizikleta azpiegitura' kategorian Eibar-Maltzaga bidegorriaren proiektuagatik.

Eibar-Maltzaga bidegorrian bizikletaz azkarrago, seguruago, erosoago, koherenteago eta intuitiboago zirkulatzeko beharrezkoak diren azpiegitura eta zerbitzu berriak diseinatu eta bultzatzeagatik saritu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentua. Rafaela Romero foru arduraduna pozik agertu da albistearen berri izan duenean: "Poz handia ematen digu aitorpen horrek, eskualdean hain garrantzitsua eta atzeratua den proiektu hau gauzatzeko egindako ahaleginari balioa ematen baitio". Era berean sari horrek "lurraldea bizikleten mugikortasunaren erreferente gisa" finkatzen duela nabarmendu du Romerok, eta lurraldeak mugikortasun iraunkorraren azpiegiturekin duen konpromisoaren beste adibide bat dela esan du.

Foru Aldunditik azaldu dutenez, sari honek Eibar-Maltzaga bidegorriaren exekuzioan egindako lana aitortzen du, "Ingeniaritzarako mugarritzat jotzen dena". 2,1 kilometroko luzerarekin oztopo tekniko handiak gainditu behar izan ditu, orografiagatik eta dagoeneko martxan dauden azpiegiturengatik.
Eibar-Maltzaga bidegorria Europar Batasuneko jardunbide egokien adibide gisa aukeratu zen, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatu du oso-osorik, Euskadiko 2014-2020 EGEF Programa Operatiboaren esparruan. "Gipuzkoa mugikortasun jasangarriaren kudeaketaren adibidea da Europan", adierazi du Romerok.

Bizikletaren Hirien Sareak (RCxB) Gipuzkoako eta Pontebedrako Foru Aldundiak, eta Torreneko eta Iruñeko Udalak saritu ditu, bizikleta hiriko garraiobide gisa sustatzearen alde egindako lanagatik. Edizio honetan, guztira, RCxBri atxikitako erakunde publikoen 43 hautagaitza aurkeztu dira. Hona 2021eko Bikefriendly 2021 sarietan sarituak.

Iaz, abenduaren 30ean inauguratu zuten Elgoibar eta Eibar gehiago lotu dituen Azitain-Maltzaga bidegorri zatia.