Maite Maiora munduko txapeldun ultratrailean

Barren.eus 2021ko uzt. 10a, 16:07

Bere ibilbideko bigarren munduko txapelketa irabazi du Maite Maiora mendi korrikalari mendaroarrak Lleidan, ultratrail distantzian (68 km.) oraingoan, mendi maratoiko Munduko Txapelketa irabazi baitzuen 2016an.

Munduko Txapelketa –Skyrunning Buff Mountain Festival- jokatzen dihardute asteburu honetan Vall de Boin (Lleida), hiru distantziatan. Kilometro bertikalen Munduko Txapelketa jokatu zuten atzo, barikua. Gaur, berriz, ultratrail distantziako (68 kilometro) munduko txapelketaren txanda izan da.

Emakumezkoetan Maite Maiora (Mendaro, 1980) izan da 68 kilometroko ibilbidea osatzen azkarrena, 9 ordu, 23 minutu eta 56 segundoko denborarekin. Lasterkerta hasieratik bukaerara nagusi izan da Espainiako selekzioarekin lehiatu den mendaroarra, eta ia 20 minutuko aldea atera dio helmugan bigarren egin duen Gemma Arenas (9:42:21) selekziokideari. Giuditta Turini italiarra sailkatu da hirugarren postuan (09:56:43) Gizonezkoetan Marc Casal gailendu da eta Manuel Anguitak egin du bigarren.

Aiguestortes eta Llac Sant Mauriciko Parke Nazionalean lehiatu dira antxitxikariak, ibilbide zirkular batean, harik eta 68 kilometroko eta ia 5.000 metroko goranzko desnibela zituen ibilbidea osatu arte.

21 herrialdetako 152 mendi korrikalari ari dira parte hartzen Nazioarteko Mendi Lasterketen Federazioak -ISF (International Skyrunning Federation)- antolatzen dituen munduko txapelketetan, hiru distantziatan: Kilometro Bertikala, Ultratraila (68 kilometroko) eta Mendi maratoia (42 kilometro). Azken hori, mendi maratoia, bihar jokatuko dute. Maiorak distantzia horretan lortu zuen, hain justu ere, 2016an irabazi zuen bere aurreneko Munduko Txapelketa, hura ere Lleidako Pirinioetan jokatu zuten.

2021 07 10 maite maiora munduko txapeldun helmuga lleida

∞Lotura duten albisteak: