Aitor Etxeberria: “Ukitu surrealista dute pieza askok eta umetako kontu asko azaldu zaizkit haietan”

Barren.eus 2021ko uzt. 30a, 17:30

Otsailean estreinatu zuten ‘Bi begirada’ erakusketa Aitor Etxeberria eskulturagileak (Mendaro, 1958) eta Aitor Sarasketa margolariak, (Eibar, 1962) Eibarko Portalean eta erakusketa hark bidea eman zien Donostiako Arteztu eta Kur galerietan lekua egiteko.

Bi hilabetez egon dira ikusgai Arteztun Etxeberriaren eta Sarasketaren piezak eta maiatzaren 7tik eta abuztuaren 28ra arte, Kur galerian izango dira.

w Itxialdi betean estreinatu zenuten ‘Bi begirada’ erakusketa Eibarren. Ez zen garai onenean tokatu.
Kasualitatea izan zen. Data berdinetan erakustekoak genituen gure lanak Eibarren: Nik, Portalean, eta Aitorrek, ondoko espazio batean, eta elkar ezagutzen genuenez eta harreman ona genuenez gure artean, erabaki genuen bion lanak batera eta elkarren ondoan jarrita erakustea, elkarren osagarri direlako piezak. Garai hartan herrira mugatuta geunden eta ezin izan zuen jende askok etorri ikustera, baina zorionez, Donostiako bi galerista etorri ziren eta Bilboko beste batek bideo baten bidez izan zuen gure berri, eta erakusketa hartan beste hirutarako aukera zabaldu zitzaigun. Baina, bestela, pena izan zen, bai, ingurukoek ezin izan zutelako etorri azkeneko asteburura arte.

w Bi artista, bi diziplina. Hari bat ba al da biak lotzeko?
Elkarrekin erakutsi dugu, baina ez dago gai edo hari jakin bat gure lanak batzen dituena. 2019an deitu zidaten niri Portaleatik garai hartan sare sozialetan partekatzen ari nintzen eskulturen tipokoak erakutsi nahi zituztela esanez. Ez dira eskultura tradizionaleko piezak nire hauek. Egurra, brontzea, aluminioa, alabastroa eta hondakinak erabilita pieza batzuk sortu ditut, pieza zentzugabeak edo absurdoak askotan. Material pobreak batu eta haiekin jolasten naiz. Arte pobrea (povera) esaten zaio egin dudan honi, 60ko hamarkadan Italian sortu zen mugimendu artistikoa da. Esan dezaket ukitu surrealista dutela pieza askok eta umetako kontu asko azaltzen zaizkidala haietan.

w Nola bilatzen da absurdoa?
Materialak jaso eta estudioan denbora bat pasatzen dutenean hasten naiz elkarrekin zerikusirik ez duten material horiekin absurdoaren ideia lantzen. Ez dira beraz zirriborro edo proiektu baten gainean eraikitako piezak. Hitzekin azaltzea ez da erraza, eta badakit jendeak esanahi bat bilatu nahi izaten diola gauza guztiei, baina niretzat prozesua da interesgarria. Nik, jakina, eman diezaioket esanahi bat nire obrari, baina hori ipuin bat kontatzea da. Artistaren asmoa jasota dago erakusketan eta nik nahiago dut ikustera datorrenak berak bilatzea esanahia, horren beharra baldin badu behintzat.

w Baina gustatzen al zaizu jasotzea zure lanek zer iradokitzen duten?
Bai, jakina. Normalean ez naiz galerian egoten, baina iristen zaizkit mezuak eta hori izaten da niretzat aberasgarriena. Erakusketa baten inaugurazioan ezagutu nuen zinemagile batek idatzi zidan aurreko batean eta esaten zidan berari harrigarria egiten zitzaiola ez jakitea aurrez zer sortu nahi nuen. Galeristak azaldu zion erakusketa honen izatea eta idatzi zidan esanez nahiko lituzkeela nire margolanak ezagutu. Izugarri poztu nintzen.

w Eibarren erakutsi zenutenean baino libreago gabiltza orain. Zein harrera izaten ari zarete Kur galerian?
Pozik gaude. Galeristak esaten digu jendea dabilela, eta orain hurrengo Bilbon ere erakusteko aukera izango dugunez, gustura gaude. Egunik ez daukagu zehaztuta, baina Bilbora ere iritsiko da Bi begirada.