Gojko Vucinik zendu da, Sanloko harrobiaren arduraduna eta entrenatzailea

Barren.eus 2021ko api. 15a, 09:45

Azken hamar urteetan Sanlo kirol taldeko jokalari, entrenatzaile eta harrobiaren arduraduna izan den Gojko Vucinik (Montenegro, 1970) zendu da goizaldean, minbiziak jota.

Gojko Vucinic oso gazte hasi zen eskubaloian jokatzen, eta 15 bete zituenerako seniorretan jokatzen zuen. Bere herrialdea, Montenegro, Jugoslavia zen orduan, eta hango selekzioan ere jokatu zuen. Junior mailan munduko txapeldunak izan ziren, eta Liga txapelketa bat baino gehiago irabazi zituen han. Bere herrialdea laga ostean hainbat urtez jokatu zuen Espainiako Asobal ligan, atezain postuan. 2001. urtean ailegatu zen Euskal Herrira, Arraten jokatzeko. Eibarko taldeko atezaina izan zen taldea arazo ekonomikoen ondorioz desegin zen arte, 2011n, eta ordutik, Sanlon aritu da. Juanma Lopez Sanloko entrenatzailea jarri zen berarekin harremanetan, eta Sanloko harrobiarekin lan egiteko eskatu zion, bereziki, mutilekin. Nesken eskubaloia indartsu zegoen Sanlon, eta mutilena ere maila berean jartzea nahi zuten. Jarri zizkioten helburuak bikain bete dituela adierazi du Lopezek laguna hil berritan. "Sanloko 'alma materra' izan da Vuchy. Gorputz eta arima aritu da lanean urte hauetan eta emaitzak begi bistan daude; kategoria guztietan ditu taldeak Sanlok gaur egun, harrobiarekin egiten duen lanagatik ezagunak gara, eta emakumezkoen zein gizonen senior mailako taldeak ere goi mailan ari dira. Arrastoa laga du Vuchy-k eta igarriko dugu bere falta, bai horixe. Kostako da haren parekorik topatzen", esan du Lopezek.

Elgoibarrera iritsi zenean jokatzera ere animatu zuten Vucinik, eta Alkortan egin zituen jokalari moduan egin zituen azken urteak. Oroitzapen oso ona zuen, izan ere, Lehen Nazional Mailara igotzea lortu zuten 2012an, eta merezi zuen moduan ospatu zuten herriko kaleetan. Harmailetatik ikusteko zortea izan zutenek ere gogoan izango dituzte arropa deigarriak janztea gogoko zuen atezainaren geldiketa harrigarriak.

Alcortarekin mailaz igotzea lortu eta gero erabaki zuen jokatzeari utzi eta entrenatzaile lanetan hastea. Ordutik sanloko mutilen harrobia koordinatu du, eta gaztetxoen zenbait talde eta Alcorta Forging Group senior gizonezkoen taldea entrenatu izan ditu.

 

2021 04 15 Gojko Vujcinic sanlo eskubaloia entreanatzailea 2015 barren

2021 04 15 Vucci atezaina sanlo