Ceutak fitxatu du Mikel Gurrutxaga futbolari elgoibartarra

Barren.eus 2021ko ira. 8a, 11:06

Azken urteak Europa iparraldeko futbol taldeetan egin ditu Mikel Gurrutxaga Barruetabeñak (Elgoibar, 1996), Finlandia, Estonia eta Lituaniako liga txapelketetan, hain zuzen ere. Orain, dezente hegoalderago dagoen Ceutan jarraituko du bere futbol ibilbidea.

A.D. Ceuta taldeak mailaz igotzea lortu zuen aurreko denboraldian eta RFEF Bigarren Mailan lehiatzen ari da orain. Joan den domekan, hilaren 5ean, jokatu zuten Ligako lehen partida etxean, eta 2-3 galdu zuten C.F. Villanovenseren aurka. Futbolari elgoibartarrak ezin izan zuen bere talde berriarekin debuta egin. Ceutak abuztu amaieran fitxatu zuen atzelari elgoibartarra.

Umetan hasi zen Mikel Gurrutxaga elgoibartarra futbolean C.D. Elgoibarren, eta berehala fitxatu zuen S.D. Eibar taldeak. Hamabi bat urte egin zituen talde armaginean, eta handik Amurriora joan zen jokatzera. Han zegoela, Alavesek Finlandiako JS Hercules taldea erosi zuen, eta hara joateko aukera eskaini zieten taldekide batzuei. Ez zuen birritan pentsatu: maleta egin eta Finlandiara abiatu zen. Harrezgero, herriade eta kultura desberdinak ezagutzen ari da futbolari esker. Finlandiatik Estoniako Paide Linnameeskond futbol taldera joan zen jokatzera, eta joan den martxoan Lituaniako liga ezagutzeko aukera izan zuen FK Süduva taldeak fitxatu baitzuen. Orain, Ceutaraino eraman du futbolak, Afrika iparraldeko espainiar subiranotasuneko autonomia hirira.

2021 09 08 mikel gurrutxaga ceuta fitxaketa

∞Lotura duten albisteak