Udalbus zerbitzua martxan jarri izana txalotu du EHBilduk, baina erabakia “behartuta eta gogoz kontra” hartu izana egotzi dio EAJri, “Urazandiko igogailuen obrak aitzaki hartuta”. Bi arrazoi eman ditu EHBilduk hori argudiatzeko: batetik, esan du EAJk ez zuela autobus zerbitzua beharrezko ikusten hasieran, eta bestetik, gerora hiru aldiz aldatu dutela iritziz: “Hasieran zerbitzurik ez zela behar aipatu zuen. Gero, Urazandiko igogailuen obrak iraun bitartean jarriko zuela (EH Bilduren presioa zela eta, beste auzo batzuetara ere zabaldu zuen zerbitzua, guk nahi genuena ez bazen ere). Gero, Errotaberriko igogailua eraiki bitartean jarriko zutela esan zuten, eta azkenik, legegintzaldi hau bukatzeko gelditzen diren bi urteetarako esleipena atera dute”.
Interesek ez dio ikusten EHBilduk EAJri herri barruko autobus zerbitzuak arrakasta izan dezan. Horren harira aipatu dute apirilaren 28ko Osoko Bilkuran herribusa erabiltzeagatik kobratzea adostu zutela (EH Bilduk eta Podemosek kontra bozkatu zuten), baina oraindik ez direla kobratzen hasi: “Zertarako onartu zen kobratzearena? Jendeak atzera egiteko eta zerbitzuaren erabilera jaisteko, beharrezkoa ez dela justifikatzeko?”. Bildutik diote jakin berri dutela San Rokeko igogailua amaitu arte ez kobratzea erabaki duela EAJk, eta bi bi galdera egin dizkiete jeltzaleei: batetik, non hartu den erabaki hori eta ia zergatik ez duten bete Osoko Bilkuran onartutakoa, eta bestetik, zergatik ez duten jakitera eman zerbitzua ez dutela momentuan kobratuko. “EH Bildu pozik dago ez kobratzearekin, baina osoko bilkura baten onartutakoa ez du betetzen EAJk, horrela okurritzen zaiolako?”, gaineratu dute.
EH Bilduk uste du martxan den eredua ez dela “batere egokia”, irisgarritasuna “eskasa” delako eta autobusa handiegia delako ibilbideko zati batzuetarako, Urazandirako adibidez. Era berean, gehitu dute abuztuan goizez bakarrik izan zela zerbitzua martxan, baina informazio-panelak ez zituztela aldatu eta horrek nahasmena sortu zuela. “Horregatik guztiagatik”, gaia “seriotasunez” eta “udaleko alderdi guztiekin eta herritarrekin batera” aztertzeko eskatu diote EAJri eta PSE-EEri, “zerbitzu duin bat martxan jartzeko”.
∞Lotura duten albisteak:
- Udalbusaren prezioa gehiegizkoa dela uste du Duintasunak, eta pentsiodunentzat eta behartsuenentzat doakoa izatea eskatu du (2021-03-31)
- Udalbus zerbitzua mantentzea "albiste ona" dela esan dute PSE-EEK, EHBilduk eta Podemos-ek (2021-03-26)
- Udalbusa mantentzea erabaki du Elgoibarko Udalak, baina bidai bakoitzak euro bateko prezioa izango du (2021-03-24)
- Erabiltzaile gehien dauden ordu tarteetan autobusaren zerbitzua indartzea eskatu du EH Bilduk (2021-02-26)
- Gutxienez Urazandiko igogailuaren obra bukatu arte martxan egongo da herri barruko autobus zerbitzua (2021-02-25)
- Autobusaren inguruko eztabaidari uko egitea aurpegiratu dio EH Bilduk Udal Gobernuari (2020-11-03)
- Herriko autobus zerbitzuak geraleku gehiago izango ditu astelehenetik aurrera (2020-10-29)
- Herrirako autobus zerbitzu osoa jartzeko eskaera egin du EHBilduk eta eskaera hori aztertzeko konpromisoa hartu du Udalak (2020-09-30)
- Elgoibarko udalerri osoa hartuko duen autobus zerbitzua eskatu du EH Bilduk (2020-09-15)
- Herri barruko autobus zerbitzua martxan izango da Urazandin igogailu publikoa ipintzeko lanak amaitu artean (2020-09-03)
- Abuztuaren 10ean hasiko dituzte Urazandin bi igogailu publiko eraikitzeko lanak (2020-07-30)