Pello Arrieta eta Javier Elorza historialariek eta Pedro Mari Andonegik gidatuko dute saioa, eta besteak beste ingurune horretan dauden mugarriak eta korta-harriak ezagutuko dituzte. Ingurune hori zona garrantzitsua zen Erdi Aroan, bi lurralde historikoen arteko muga zelako, eta hainbat herrik bat egiten zutelako bertan. Izenak berak dioen moduan Arnorako atea den Arnoate, esaterako, Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen dituen mendi lepoa da; eta, Arnoate baserria hiru herriren arteko mugan dago. Markina, Elgoibar eta Mutrikuko udalerriak banatzen zituen mugarria dago Arnoate baserriaren aurrealdean. Mendarok herri izaera hartu zuenez 1983an, Arnoate Markina eta Mendaroko mugalerroan dago kokatua orain. Baserria erre baino lehen, mugarria etxebizitzaren barrualdean zegoela esaten zen eta bertakoek harrotasunez esaten zutela, Mutrikun jeizten zituztela behiak, Elgoibarren bazkaltzen zutela eta Markinan oheratzen zirela, eta guztia baserritik atera gabe. (iturria: http://neuregeografiak)
ZelaietaBurun ere geldialdia egingo dute eta 36ko Gerrari buruzko hainbat azalpen emango dituzte bertan.
Urkaregiko aparkalekuan jarri dute hitzordua, 9:00etan. Ez da izenik eman behar. Bederatzi kilometroko ibilbidea egingo dute guztira, eta antolatzaileek gomendatu dute oinetako erosoak eramateko.
∞Lotura duten albisteak:
- Herriak azken mendeetan izan duen bilakaera erakusten duten panelak jarri dituzte Elgoibarko kaleetan (2021-06-25)
- Elgoibarren 675. urteurrena ospatzeko urte guztirako egitasmoa prestatu dute (2020-12-16)
- Elgoibarren 675. urteurrena ospatzeko logotipo lehiaketa abian da (2020-11-23)
- Elgoibar Erdi Aroan: Villamayor de Markina (2018-11-16)