Udazkeneko Mendi Emanaldi Zikloa (UMEZ) antolatzen du urtero Morkaiko Mendizale Elkarteak, sasoi honetan. Iaz moduan, aurtengorako ere ez dute hitzaldirik antolatu, eta Bilboko Mendi Film Festivaleko azken edizioko pelikula saritu eta arrakastatsuenen emanaldia izango da ziklorako antolatu duten ekitaldi bakarra, egun bateko formatuan eta ikusleentzako pelikula-sorta interesgarri bat eskainiz. Azaroaren 12an, barikua, izango da Elgoibarko Herriko Antzokian, 21:00etan hasita (2 orduko iraupena izango du). Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira leihatilan, 4 euroan.
Abentura eta natura uztartzen dituen zinema jaialdia da Mendi Film Festival. Urtetik urtera izen handia hartu du Bilbon egiten duten jaialdiak, eta era honetako jaildieetan munduko onenen artean lekua egitea lortu du, eta erreferentea da.
Iazko edizioan Bilbon eman zituzten bost film emango dituzte Elgoibarren. Hona bakoitzaren xehetasunak:
CHARGE 2
- 2020, Kanada, 4 minutu
- Zuzendaria: Anthony Bonello
- 2020ko MF-eko sail ofiziala
- Sinopsia: Stan Rey, Leah Evans, Alexi Godbout, Josh Daiek eta Drew Petersen puntako freeskierrak dira. Columbia Britainiarreko Monashee mendien iparraldean astebeteko catskiing jarduera eroa osatuko dute; hau da, malda liluragarrien bila elur-makinekin ibiliz. Pizgarri bezala, taldeari Jordan Temkin batuko zaio, bitan munduko drone gidari txapelduna izandakoa, eskiatzaileen jarduna irudietan biltzeaz arduratuko dena. (ikus trailerra)
ATERPEAN ATERI
- 2020, Espainia, 5 minutu
- Zuzendaria: Ruben Crespo Perez
- 2020ko MF-eko sail ofiziala
- Sinopsia: Covid-19aren osasun krisiari aurre egiteko itxialdia ezarri da, eta Mikel Sarasola kayak gidaria eta abenturazalea monotonia behartuan murgilduta dabil eguna joan eguna etorri. Ezohiko egoera horri aurre egiteko lagungarri zaizkio iraganeko oroitzapen onak eta abentura berrietan pentsatzeak pizten duen ilusioa. (ikus aurrerapen bideoa)
THE WURL
- 2020, Kanada, 15 minutu
- Zuzendaria: Anthony Bonello
- 2020ko MF-eko sail ofiziala
- Sinopsia: “Wasatch Ultimate Ridge Linkup” (WURL) mendiko lasterketa gogor baten izena da, Salt Lake Cityko (Utah, AEB) erdigunetik ikus daitekeen 58 kilometroko mendi gandor amaigabea osatuz egin ohi dena, uda sasoian. Mali Noyes eta Lani Bruntz prest agertu dira, eskiekin lagunduta, WURLeko ibilbidea neguan burutzen duten lehenak izateko. (ikus trailerra)
FREE AS CAN BE
- 2020, AEB, 31 minutu
- Zuzendaria: Samuel Crossley
- Estatu mailako estreinaldia
- Jordan Cannon eskaladaren historiarekin maiteminduta dagoen eskalatzaile gazte bat da eta, halako batean, miresten duen legenda handi bat ezagutuko du: Mark Hudon, Yosemiteko horma handietako eskalatzaile aitzindarietako bat. Erronka baten inguruan batu eta sokakide bihurtuko dira: El Capitan-eko "Freerider" bide mitikoa eskalatu nahi dute, era askean. Cannon gazteak hasi eta buka egun bakarrean egin nahi du. Hudon, berriz, prest dago langintzarako behar adina egun hartzeko, El Capitan era askean eskalatzen duen pertsonarik zaharrena bihurtu nahi baitu. (ikus trailerra)
MENDIAN HIL, HIRIAN HIL
- 2020, Euskal Herria, 58 minutu
- Zuzendaria: Iñaki Peña Bandres
- Nazioarteko estreinaldia. Euskatazko Film Onenaren saria 2020ko MF jaialdian.
- Heriotzari buruzko solasaldia, mendia kalearekin konektatzen duena, eta kalea mendiarekin. Oroimenaren aldeko aldarrikapena. Itxaropenaren aldeko kantua. Doluari buruzko trilogia bat borobiltzen duen dokumentala. “Emango baziguten aukeran non hil, hil nahiko genuke bizitza gehien maite dugun lekuan”. 20 eta gutxi urterekin edo 100 urterekin ondo beteta. 7.000 metrotan edo itsas mailan. (ikus trailerra)