Euskararen Nazioarteko Egunaren harira hainbat ekintza antolatu dituzte

Barren.eus 2021ko abe. 1a, 14:15

Abenduaren 3a, barikua, Euskararen Nazioarteko Eguna da, eta horren harira hainbat ekintza antolatu ditzute Elgoibarren zein Mendaron. Adierazpen instituzionala ere onartu du Elgoibarko Udalak.

Azaroaren 24ko udal osoaren bilkurak Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen instituzionala onartu zuen Elgoibarren. Udalbatzak bat egin zuen HAKOBAn (Hizkuntza Politikako gaietan Herri Aginteak Koordinatzeko Batzordea) landu den Adierazpen instituzionalarekin. EUDEL organo horren kide da, gainerako euskal erakundeekin batera. Adierazpen horren bidez, deia egiten zaie hiztunei euskara erabilera-eremu berri eta ez formaletan ere erabil dezaten, eta ondorioz, euskara, bidelagun ez ezik, lanabes eraginkor bilakatzeko. Guztion esku dago. Hona Euskararen Nazioarteko Egunerako Adierazpena -PDF-

Elgoibarko Udalak eta Elgoibarko Izarrak hainbat jarduera antolatu dituzte egun horren harira.

  • Abenduaren 1ean, 19:00etan, Musika Eskolako auditoriumean 'Beltzean Mintzo' dokumentala eta Jon Sarasuarekin solasaldia izango dira. Amerikako zazpi hizkuntza komunitateren egoera erakusten du dokumentalak. Doakoa da.
  • Abenduak 3, barikua, 18:00etan, Aita Agirre kulturgunean “Haurren aurrean, helduok heldu” egitasmoaren bukaera ekitaldia. Antolatzaileak: Elgoibarko Izarra eta Elgoibarko Udala, Herri Eskolarekin, Ikastolarekin, Ludotekarekin eta Haurreskolarekin elkarlanean.
  • Abenduaren 3an, 21:00etan, eta abenduaren 8an, 19:00etan, Herriko Antzokian “Paperezko Hegoak” dokumentala emango dute. 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxiera lehen pertsonan bizi izan zuten protagonisten testigantzak jasotzen ditu dokumentalak.
  • Abenduak 3, barikua, Elgoibarko Taupada antzerki taldeak 'Bainuetxea' antzezlana taularatuko du Mendaroko San Agustin Kulturgunean (19:00).
  • Abenduaren 5ean eta 8an, Zutik, umeentzako filma emango dute, euskaraz. Herriko Antzokian, 16:30ean.

 • Ikastetxeetan
Ikastetxeetan ere egingo dituzte Euskararen Eguna dela-eta hainbat jarduera. Elgoibar Ikastolan Argitxoren antzerkia, ipuin kontalariak, jolasak... Herri Eskolan, berriz, tailer eta jolasez gain, Josefina Sorgina egongo da Haur Hezkuntzako umeekin. Hala, Herri Eskolakoek aurtengoan ere ez dute egingo Euskararen Egunean herriko kaletan barrena egiten zuten kalejirarik egingo. Arreiturre Institutuko ikasleek lehiaketak, pintxo banaketa, aurresku eta txistu saioa, euskal kirolak, dantza, musika eta mahai jolasak egingo dituzte. Batxilergokoak Herriko Antzokira ikasleen txarangarekin joan ondoren, manifestua irakurri eta dantza, antzerki, kantu eta musika emanaldiak eskainiko dituzte. Ikastetxeetan egingo dituzte ekintza gehienak eta batxilergokoek Herriko Antzokian egin arren ikasle eta irakasleentzat baino ez dira izango. Mendaroko ikastolan ere aste guztian egingo dituzte euskararen inguruko jarduerak.