Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna dela aitzakia moduan hartuta, Elgoibarko Izarrak eta Elgoibarko Udalak 'Beltzean Mintzo: Ameriketako jatorrizko hizkuntzen arnasaz' izeneko dokumentalaren emanaldia antolatu dute elkarlanean. Dokumentala Garabide elkarteak sortu zuen, eta bertako kide den Jon Sarasua etorriko da Elgoibarrera lan horren nondik norakoak aurkeztera.
Zer ari da gertatzen Ameriketako hizkuntza handiekin? Nola ikusten gaituzte euskaldunok gainerako hizkuntza gutxituetako kideek? Lagun ahal dakieke euskal esperientziak beraien hizkuntza berreskurapen prozesuan? .Galderak horientzako erantzunak bilatzeko saiakera egin zuen Garabidek dokumental honetan. "Lehen aldiz zazpi hizkuntza komunitateko hamalau pertsonak euskararen herriari buruzko beraien gogoetak oparitu dizkigute. Kitxua, nasa, nahuatl, kaqchiquel, aimara, maputxe eta maia yukatek hizkuntza komunitateetako ordezkariek beraien hizkuntzaren egoeraz eta euskararengandik ikas dezaketenaz hitz egiten digute eta, bide batez, guk haiengandik ere ikasteko aukera eskaini", azaldu dute ikus-entzunezko lan honen inguruan.
Hona Elgoibarko emanaldiari buruzko xehetasunak:
- Eguna: abenduak 1, eguaztena
- Ordua: 19:00
- Tokia: Inazio Bereziartua eskolako auditoriuma