Bizitzan kolperen bat jaso arren buelta emateko gai diren dozena bat lagun, berarentzat "erreferenteak" direnak, elkarrizketatu ditu Mikel Lizarraldek ‘Nire erreferenteak’ proiekturako, eta eguaztenero argitaratzen ditu bideo-elkarrizketa horiek. Orain arte, Markel Irizar, Ainhoa Lendinez, Ibon Oregi eta Nerea Arrietari eginikoak zituen argitaratuta eta Igor Elizburu da bosgarren elkarrizketako protagonista.
"Urteak dira Igor ezagutzen dudala, eta urteak dira Igor gurpildun aulkian dagoela. Guztiz onartua dauka duela hogeitaka urte aulkian geratu izana. Horrela bizi da, horrela egiten du aurrera. Berak dioen moduan, gurpildun aulkia ipurdi azpian daramalako Igorrek, eta ez buruan", esan du berarentzat erreferente den elgoibartarraz. Esklerosi anizkoitza diagnostikatu ziotenetik gurpildun aulkiei errespetuz begiratzen diela aitortu du Lizarraldek. "Diagnostikoa jaso nuenean, gaitzari buruz Interneten bilatu eta hori bakarrik ikusten nuen. Hasieran uste nuen azkar xamar amaituko nuela halako batean. Gerora, ikusten ari naiz aulkian amaitzeko aukera hor dagoela, baina ez daukala zertan berehalakoa izan. Aulkiak ematen didan errespetuagatik nahi nuen hitz egin aulkian eserita dagoen norbaitekin", azaldu du.
∞Lotura duten albisteak:
- ‘Nire erreferenteak’ proiektua abiatu du Mikel Lizarraldek, eta Ainhoa Lendinez da elkarrizketatuetako bat (2021-11-24)
- Mikel Lizarraldek amaitu du ‘Gipuzkoa herriz herri’ erronka (2021-03-23)
- Elgoibarren eta Mendaron ere izan da Mikel Lizarralde, esklerosi anizkoitzaren ikerkuntzarako dirua biltzeko ekimenaren barruan (2020-12-28)