Mikel Lizarraldek astean behin argitaratuko ditu ‘Nire erreferenteak’ egitasmorako egin dituen bideo-elkarrizketak, eguaztenetan, bizi.eus webgunean eta bere sare sozialetan. Lizarraldek Pello Osororen laguntza izan du bideoak egiterako orduan, eta Maite Arroitajauregi ‘Mursego’ musikariak jarri dio doinua bere proiektuari. Gainera, Danobat Group, Laboral Kutxa, Erreka Group eta Bike 360-ren babesa jaso du.
Markel Irizar txirrindulari ohia izan zen aurreneko elkarrizketatua, eta Ainhoa Lendinez bigarrena. Gaur jarri du ikusgai sarean elgoibartarrari eginiko elkarrizketa.
Duela bi urte, Ainhoa Lendinezek elkarrizketatu zuen Mikel Lizarralde, euskal telebistarako, Zegama-Aizkorri probaren bezperan. Oraingoan paperak trukatuta aritu dira, Lizarraldek egin ditu elkarrizketatzaile lanak eta ogibidez kazetaria den Lendinezek galderak erantzun ditu. Mikel Lizarralderen ametsetako bat gauzatu berri du Lendinezek, Himalayan mendi espedizioa egitea (ikus mendizale elgoibartarrak BARRENi eskaini zion elkarrizketa). Nepaletik itzuli berri zela elkarrizketatu zuen eibartarrak elgoibartarra, Karakate gainean. Elkarrizketa egiteko arrazoietako bat Lendinezek urtea ez zuela ondoegi hasi izan zen, izan ere ebakuntza bat egin zioten, bulto susmagarri bat kentzeko. Ebakuntza horretatik Himalayara joan arte egin duen bidea ezagutu nahi izan du Lizarraldek, bideo-elkarrizketa honen bidez.
Mikel Lizarralderi esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten duela hiru urte, 38 zituela. Diagnostikoarekin fisikoki eta animikoki "lurra jo" zuela aitortu du, baina bizkarra emango ziola uste zuen inguruak "ikaragarri lagundu eta babestu" zuela ere bai. "Pixkanaka hobetzen joan nintzen, bizipoza berreskuratzen", dio Lizarraldek ‘Nire erreferenteak’ elkarrizketa proiektuaren aurkezpen kapituluan. Bertan azaltzen duen moduan, bere buruari erronkatxoak jartzen joan zen, eta ordura arte egin gabe zituen probak jarri zituen helburu moduan: Getaria-Zarautz igeri zeharkaldia egitea, Zegama-Aizkorri mendi maratoia edo Irati Xtrem mendi bizikleta proba.
"Lagun batek, fede onez, esan zidan eredua nintzela gaitzari aurre egiteko moduagatik. Hitz potoloa da 'eredua', nik zama puntu bat hartzen diot. Eta zama hori beste batzuen artean banatu nahiko nuke, nolabait, "nire erreferenteak" proiektuarekin, erreferentetzat ditudan pertsonen esperientziak jaso eta partekatuz", azaldu du martxan jarri duen egitasmoari buruz.
∞Lotura duten albisteak: