Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteleheneko 12:00ak arte luzatu du domeka honetan zaparrada iraunkorrengatik aktibatuko duen abisu horia. Jakinarazi dutenez, metro koadroko 60 litro baino gehiago pilatu litezke 24 orduan.
Euriteen ondorioz, Altzolako estazio hidrometeorologikoak maila horia gainditu du 18:00ak inguran eta ordubete geroago maila laranja ere gainditu du. 21:00etan gutxi falta zitzaion gorrira ailegatzeko. Duela juxtu hilabete bat, abenduaren 10ean, maila gorria gainditu zuen ibaiko ur emariak, hainbat orduz, eta Deba ibaiaren ur-goraldi horrek hainbat kalte eragin zituen.