COVID funtsetatik eratorritako 392.903 euro jasoko ditu Elgoibarko Udalak eta 66.800 euro Mendarokoak

Barren.eus 2022ko urt. 19a, 09:59

Pandemiak aurrekontuetan eragindako kalteei aurre egiteko ezohiko diru ekarpena jasoko dute Hego Euskal Herriko erakundeek Espainiako Estatutik. Gipuzkoako Foru Aldundiak 62,9 milioi euro jaso ditu, eta horietatik %40a (25,1 milioi) banatuko dute probintziako udalen artean.

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak erabaki zuen Espainiako Estatuak eratutako COVID funtsetik eratorritako diru ekarpen horiek lurralde historikoen artean proportzionalki banatzea. Guztira, 188 milioi euro ziren lurraldeei bideratu zirenak; eta, horietatik, Ekarpenen Legean ezarritako koefizienteak oinarri hartuta, 62,9 milioi euro Gipuzkoari dagozkio. Behin baliabide horiek jasota, Aldundiak lurraldeko udalekin banatzeko erabakia betearazi du, haiei bideratuz funts horien %40. Udalen artean banatu beharrekoa ere modu proportzionalean egin du aldundiak, udalak finantzatzeko foru funtsa (UFFF) banatzeko erabiltzen dituen irizpideak jarraituz.

Horrenbestez, Elgoibarko Udalak COVID funtsetik eratorritako 392.903 euro jasoko ditu, eta 66.800 euro Mendaroko Udalak.
Herritarrei emandako oinarrizko zerbitzu publikoak, hala nola, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak "finantzatzeko eta indartzeko" erabili ahalko dute udalek COVID funtsaren ekarpena, baina horietaz gain, "beste eskumen batzuk baliatzeko ere" erabili ahalko dutela dirua zehaztu zuen Markel Olano diputatu nagusiak, hainbat alkaterekin aurreko astean Donostian egin zuen bilera batean.

 • Banaketa, herrika
Donostiak, 6.850.000 euroko ekarpena jasoko du, eta lurraldeko udalerri nagusiek, honako zenbatekoak jasoko dituzte: 2.131.000 euro Irunek; 1.337.000 euro Errenteriak; 942.000 euro Eibarrek; 783.000 euro Zarautzek; 746.775 euro Arrasatek; 691.000 euro Hernanik; 670.000 euro Tolosak; 626.000 euro Lasarte-Oriak; 569.000 euro Hondarribiak; eta 509.000 euro Azpeitiak.

 • 55 milioi euro gehiagoko aparteko ekarpena
Markel Olano diputatu nagusiak gogorarazi du udalen finantzaketak momentu ona bizi duela. Izan ere, joan den urrian onartutako 2021eko aurrelikidazioaren arabera, aurrekontuetan jasotakoa baino 55 milioi euro gehiagoko aparteko ekarpena jasoko dute tokiko gobernuek. Iragarpen hori betez gero, Udal Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF) 553 milioi euroko zenbatekoarekin itxiko luke ekitaldia, inoizko zuzkidurarik handiena. Zifra hori berriro hobetuko litzateke 2022an, finantza-tresna hori 568 milioi eurora iristea espero baitute aldundiko arduradunek.