Amurriotik abiatuko da 22. Korrika martxoaren 31n, eta hurrengo egunean, apirilaren 1ean, iritsiko da Elgoibarrera, 10:16ean, hain justu ere. Lekukoa Eibartik ailegatuko da eta Elgoibarko kaleak zeharkatu ostean Soraluzerako bidea hartuko du. Hala, ekitaldi honetan ez da Mendarotik pasako.
Korrikaren lekukoak 2.180 kilometro egingo ditu zazpi herrialdetan barrena, eskuz-esku 11 egunetan, martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean. Esan bezala Amurrion hasiko da, eta Donostian bukatu (ikus ibilbidea). Ohi bezala, bertan irakurriko dute Amurrion lekukoan sartutako mezua.
•Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei
AEK-k jakitera eman duenez, 'HitzEkin' lelopean egingo dute 22. Korrika, eta omenduen berri ere eman dute. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei egingo diete aitortza, euskararen sustapenean "eragile aktibo" izateagatik. Doinua ere badu euskararen aldeko egitasmoak. Nere Urbizuk zuzendu du HitzEkin leloaren izen bereko abestia, eta Sustrai Colina bertsolaria arduratu da hari hitzak jartzeaz. Urbizurekin batera, Ane Garciak eta Anarik jarri diete ahotsa hitz horiei (entzun hemen abestia)
Gogora ekarri behar da bi urtean behin egiten den Korrika 2021ean egitekoak zirela, baina antolatzaileek 2022ra atzeratzea erabaki zutela pandemiagatik.
∞ Lotura duten albisteak:
- Bideoak: 2019ko Korrikak Elgoibarren eta Mendaron (2019-04-15)
- Ikastetxez ikastetxe eraman dute lekukoa Korrika gaztean (2019-04-12)
- Umeek eta zaharrek hartu dute parte Elgoibarko Korrika Txikian (2019-04-12)
- Korrika txikia egin dute Mendaroko eskola umeek (2019-04-12)
- Goizean goiz pasatu da Korrika Mendaro eta Elgoibartik, eta Gasteizera bidean da (2019-04-12)