Debegesa garapen agentziaren aldamenean egon zen jatetxea moldatu eta gero sortu duten guneak, industria eta teknologia arloko enpresa sortu berriak hartuko ditu eta, inaugurazio ekitaldian esandakoaren arabera, “eskualdean ekintzailetzari laguntzeko zerbitzua indartzea lortu nahi da egitasmoarekin, horretarako Debabarreneko ekintzaileei lanerako guneak partekatzeko aukera eskainiz”.
Enpresa sortu berrientzako inkubagailuak Basque Precision Technology District eskualde mailako estrategiari lotutako industria-arloko proiektuak eta jarduerak garatzeari babesa emango dio. Halaxe adierazi zuten inaugurazio ekitaldian: “Espazio berri honek Eibarren eta eskualdean gaur egun dauden beste inkubazio-gune batzuen osagarri izan nahi du, hala nola Eibargunea enpresen haztegiarena eta Tekniker haztegi teknologikoarena. Koordinatuta eta lankidetzan arituko da eskualdean dauden gainerako azpiegitura eta baliabideekin”.
Inaugurazio ekitaldian Eibarko alkateak moztu zuen zinta eta bertan izan zen baita ere Gipuzkoako Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañaga. Eskualdeko alkateek ere hartu zuten parte, tartean Ane Beitia Elgoibarko alkateak.
Enpresa sortu berrientzat prestatu duten guneak bost bulego dauzka eta, horrez gain, lankidetzan aritzeko gune zabal bat, bilerak egiteko tokiak eta sukalde txiki bat ere baditu.
Egitasmo honetan 250.000 euro erabili dituzte eta %90 (220.000 euro inguru) Eibarko Udalak ipini du. Gainerakoa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debegesa Debabarreneko Ekonomia Garapenerako Elkarteak ordaindu dute, bakoitzak 15.000 euro inguru.
Hona Eibarko Eta Kitto! toki komunikabideak enpresa-inkubagailu berriaren inaugurazioaz eginiko bideoa: