Debabarrena suspertzeko ponentzian parte hartu du Debemenek Eusko Jaurlaritzan

Barren.eus 2022ko mar. 3a, 11:13

Debemenek landa guneko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko beharrak nabarmendu zituen, besteak beste, Debabarrena suspertzeko ponentzian, Eusko Jaurlaritzan.

Debabarrena suspertzeko ponentzia aurkezten ari dira Eusko Legebiltzarrean eta Debemen Debabarreneko Landa Garapen elkartearen txanda izan zen otsailaren 25ean. Elkartea aurkezteaz gain, Debabarreneko landa eremuaren deskribapena eta nekazaritza aktibitatearen egoeraren berri eman zuten, baita landa guneko biztanleen bizi kalitatea hobetzeko beharrak nabarmendu eta oinarrizko azpiegiturak aipatu ere: landa bideen egoera hobetzeko beharra; ur edangarri sarearen eta saneamendu sistemaren hedapenik eza; garraio publikoaren zerbitzu falta hiriguneko zerbitzuetara iristeko; eta banda zabalaren hedapen geldoa.

Aktibitate ekonomikoaren arloan nekazaritzan, profesional kopuru baxua dagoela adierazi zuten eta dibertsifikazioa turismo jardueratik etorri dela gehienbat, bizikidetza arazoak gehituz. Beraz, interes guztiak uztartu beharra ikusi dute.
Nekazaritza aktibitate berri bat jarri nahi dutenek lurra eskuratzeko zailtasunak dituztela ere esan zuten. Baserritik bizi ez diren baso lurjabeak hazkunde azkarreko zuhaitzak landatzeko duten joera ere izan zen hizketagai, horrek nekazaritzarako lur erabilgarriaren okupazioa, biodibertsitate eta zerbitzu ekosistemikoaren galera eta paisaiaren aldaketa eragiten dituela esanez.
Debemenek horren harira eskatu zuen eskualdea suspertzeko eta landa eremu bizi bat izateko, behar horiek kontuan izatea, “landa eremuak ematen dituen onurak ez dira bakarrik bertan bizi direnentzako, gizarte osoarentzako ezinbestekoak dira”.